Mendi lasterketak

24 ordutan zenbat aldiz igoko dira Bargagainera?

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 4a, 12:56

Jokin Bereziartuk eta Jabi Gasanzek 24 ordutan Altsasuko Gurutzeko igoeren errekorra lortzeko saiakera eginen dute gaur. Axio Aranbururen 11 igoeretako errekorra apurtu nahi dute. Gaur, ostirala, 19:00etan hasiko dira eta larunbateko 19:00ak arte ariko dira 

24 ordutan Altsasuko Gurutzeko igoeren errekorra apurtzeko saiakera egitea poteo egun batean bururatu zitzaien Jokin Bereziartu eta Jabi Gasan mendi korrikalari altsasuarrei. “COVID-19 birusaren kontu honekin aurtengo urtea berezia denez, mendi lasterketa asko bertan behera geratu dira, eta aukera polita iruditu zitzaigun halako erronka bat egitea” aipatu du Bereziartuk. Axio Aranburu mendizale eta eskalatzaile altsasuarra zenarena da 24 ordutan Altsasutik Bargagainera igo eta jaisteko errekorra: 11 aldiz. Hura gainditzen saiatuko dira Jokin Bereziartu eta Jabi Gasanz, biak elkarrekin. 

Ez da harritzekoa biak elkarrekin aritzeko asmoa. Izan ere, lagun handiak izaki, sarritan elkarrekin joaten dira entrenatzera eta lasterketetara. “Mendi lasterketetan hasi ginenetik Jabi eta biok batera aritu gara, eta antzeko maila dugu. Batera entrenatzera ohituta gaude, nahiko ongi ezagutzen dugu elkar, eta erronka batera egitea erabaki genuen” gaineratu du Bereziartuk. Erronka potoloa dute aurretik. “Errekorra hobetzea egingarria ikusten dugu; igoera bakoitzeko denborak neurtzen ibili gara eta posible ikusten dugu, baina erronka zaila da, ezin da ukatu. Orain arte ez dugu gure gorputza halako esfortzu baten aurrean jarri eta ez dakigu nola erantzungo duen; ostiralean eta larunbatean ikusiko dugu” nabarmendu du Altsasuko korrikalariak. 

Duela gutxi okurritu zitzaien erronka egiteko ideia, eta, hortaz, ez dute entrenamendu espezifiko gehiegirik egin. “Gure ohiko entrenamenduak egitetik iritsiko gara ostiraleko erronkara, ez dugu ezer berezirik egin. Urtean barna egindako entrenamenduarekin ikusiko dugu ea nahikoa den edo gehiegi sufrituko dugun” dio Bereziartuk. 

Eguraldia lagun izango dute. “Aurreko astean eguraldi aurreikuspena begiratu genuen, bi egunetarako ona ematen zutela  ikusi genuen eta horregatik aukeratu genuen asteburu hau. Ostirala izango da bero gehien egingo duen eguna, baina arratsaldeko 19:00etan hasiko garenez, ez da aparteko arazorik izanen. Gauean zira batekin ongi egongo garela espero dugu. Eta ikusiko dugu erronka nola ateratzen den” gaineratu du igandean Tritoienan aritu zen korrikalariak. 

Estrategia: igoera oinez eta jaitsiera korrika
Gaur, ostirala, irailak 4, 19:00etan ekingo diote bi lagunek 24 ordutan Gurutzera ahalik eta aldi gehienetan igotzeko erronkari. Bargagainera igotzeko bidean, bigarren partzelaria bukatzean dagoen hesi txiki horretatik abiatuko dira; izan ere, aurreko errekorrak hortik egin zituztela aipatu zieten. Beraiek ere hesi hori izango dute abiapuntu eta helmuga. Estrategia ere nahiko bideratuta dute. “Igoera oinez egingo dugu eta jaitsiera korrika, eta buelta osoa gutxi gorabehera ordu eta erdi kostako zaigula kalkulatu dugu, erritmo ona mantentzeko eta bukaeran ez sufritzeko. Bestela oso luze egingo zaigu” azaldu du Bereziartuk. 

24 ordu ordu asko dira, baina bi gazteak ez dira bakarrik egongo. Dantzaleku Sakana atletismo klubekoak dira bi gazteak, eta klubeko kide batzuk gertu izango dituzte, laguntzen, baina gehienbat koadrilako lagunen babesa izango dute. “Goian eta behean hornidura gune txikiak prestatuko ditugu, janariarekin eta edariarekin, eta kuadrillako batzuk gaua pasatzen egongo dira” gaineratu du. Jakina, egindako igoeren kontaketa eginen da, errekorra gainditzen den edo ez ziurtatzeko. 

Urduri baina gogotsu
Jokin Bereziartuk aitortu du eguna gerturatu ahala, “nahiko urduri” daudela. “Lagunei erronka egitearen asmoa komentatu genienean oso ideia ona iruditu zitzaien, eta prest zeuden gu laguntzeko. Horrek, azkenean, gehiago motibatzen gaitu eta gogotsu gaude. Jendea ere motibatua dago, eta ea  gu animatzera hurbiltzen diren” espero du. Bietako bat ezinean geldituz gero besteak zer eginen lukeen galdetuta, horretaz ez direla aritu aipatu du. “Helburua erronka biak batera egitea da, baina bietako batek ezin badu, bestea saia dadila bukatzen. Baina antzeko maila dugunez uste dut batera bukatuko dugula eta, ahal bada, ongi” ondorioztatu du.