Sarek presoen eskubideen aldeko aldarrikapena eginen du “festetan”

Guaixe 2020ko ira. 3a, 20:19
Sare Altsasu kideak Izan Bidea dinamikako kartelekin.

Festak bertan behera gelditu direnez, ez da antolatuko aurreneko eguneko presoen aldeko bazkaria. Baina hilaren 12an, larunbatean, 12:30ean, kontzentrazioa egonen da kultur guneko zabalgunean.

Altsasuko festak hilaren 11n hasi beharko ziren. Sare herritarrak azaldu duenez, “jaiei loturik beti egin dira aldarrikapenak. Aurten, ordea, egoeraren larritasuna ikusirik ez da festarik izanen. Eta, beraz, bertan behera gelditu da urteroko presoen aldeko lehen eguneko bazkaria. Gure herriarekiko arduratsuak gara, eta ulertzen dugu gaur egun festak ez direla lehentasuna”. Ohar horrekin Sarek argi utzi nahi du berak ez duela egin Whatsapp bidez 11rako zabaldu den presoen aldeko bazkari deialdia. 

Aldi berean, Altsasuko Sarek gaineratu duenez, “pandemiak presoek jasaten duten zaurgarritasun erantsia azaleratu du, eta agerian utzi du presoen eta haien senideen eskubideak urratu egin direla. Urraketa hori are handiagoa da haien errotze-tokitik urrun zigorra betetzen ari diren presoendako”. Eta gogorarazi dute 184 preso nafar Espainiako kartzelatan sakabanatuta daudela. Sareko kideek esan dutenez, “konponbide garaia da. Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizuna eraiki nahi dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroan, Euskal Herrian, behar ditugu, hori izanen baita elkarbizitzari eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena”. 

Horregatik, Sarekideek adierazi dutenez, “lehentasuna da aldarrikapenak egiten jarraitzea. Kartzeletako egoera okertzen dabil astero. Dagoeneko bisean biseko bisitak bertan behera gelditu dira kartzela batzuetan”. Altsasuko Sarek jakinarazi duenez, presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa eginen dute irailaren 12an, 12:30ean, Iortia kultur guneko zabalgunean.