Festarik ez, eta neurri zorrotzak

Guaixe 2020ko ira. 4a, 09:31
Udako programazioaren barruan emanaldiak iragarri ditu udalak.

COVID-19 gaitza ez zabaltzeko eta jende pilaketak ez sortzeko ezin izanen dira ospakizunak, bazkariak, herri-bazkariak egin, ezta txosnak jarri ere. 

Altsasuko festak aurten hilaren 11 eta 15 bitartean izan beharko lirateke, baina COVID-19 pandemia dela-eta, udalak bertan behera utzi ditu. Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak arau bereziak onartu ditu egun horietarako. Haien helburua da jendea pilatzea dakarten jai-ekitaldiak saihestea, beti ere, gaitzaren hedapena ekiditeko neurri gisa. Horregatik, aipatu egunetan ez dira egingo gizarte-kontzentrazioko ospakizunak, bazkariak, herri-bazkariak, ez eta txosnak, edaria edo elikagaiak zerbitzatzeko kanpoko barrak eta karpak eta azoka-atrakzioak jarri espazio publikoetan. 

Udalak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak gazteen aisialdiko lokaletako jarduera eten zuela eta, beraz, ezin direla "aisialdiko bajerak", "piperoak" edo antzeko lokalak erabili. Tabernei, kafetegiei, jatetxeei, taberna bereziei, jolas-aretoei eta joko-aretoei dagokienez, irailaren 11tik 15era 00:00etan itxi behar dira, ixteko ordutegi horretan husteko aldia sartu gabe. Bestalde, ostalariek ezin dute espazio publikoan zerbitzatu, baimendutako terrazetan izan ezik, eta baimenean adierazitako baldintzak betez. Udalak ez du kanpoko barrarik baimendu, eta ezin dute kalera musikarik atera. Gainera, ostalaritza establezimenduetan edukiera errespetatu beharko da, eta nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea, kontsumitzen ari denean izan ezik. Gastronomia elkarteei dagokionez, 00:00etatik 06:00etara erabili gabe egon behar dute.

Altsasuko Udalak herritar guztiei dei egin die “espazio itxietako ospakizun, festa, bilera edo gizarte-topaketa pribatuak murrizteko, eta, hala badagokio, osasun-agintariek emandako segurtasun-neurriak hartzeko”. Aldi berean, gomendatu du maskara erabiltzea, 1,5 metroko segurtasun-distantzia bermatu badaiteke ere, familia-talde desberdinetatik datozen pertsonen bileretan, eta, bereziki, arrisku-taldeetako kideak edo aurretiko patologiadunak badaude.

Bestetik, udalak gogorarazi du udako ekitaldien ezohiko programaren barruan emanaldiak antolatu dituela irailaren 11, 12 eta 13rako. Altsasuko Udalak berak jakinarazi du jarduera horiek bertan behera utzi ahal izanen dituela  epidemiaren bilakaeraren arabera, edo udalaz gaindiko araudiak hala ezartzen badu.

Maskara erabiltzeko araudia
Musukoa erabiltzea nahitaezkoa da 12 urtetik gorako pertsona guztiendako, nahiz eta segurtasuneko pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatu ahal izan, honako egoera hauetan: bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan; erabilera publikoko espazio itxietan edo publikoa, eta espazio berean beste pertsona batzuekin topo egin ahal izatean; musukoa eraman behar da ere edozein garraio publiko edo pribatutan, baldin eta okupatzaileak etxebizitza berean bizi ez badira; 6 eta 12 urte bitarteko adingabeek kalean eta aire zabaleko espazioetan maskara jantzi beharko dute, betiere 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia bermatu ezin bada.