Jon Maya

"Asko dauka autobiografikotik"

Jon Maya dantzaria 'Gauekoak' ikuskizunean. KUKAI

'Gauekoak', Kukai dantza konpainiaren azken ikuskizuna, Iortia kultur gunean izan zen atzo, igandea. Altsasuko emanaldia lanaren Nafarroako mustutzea izan zen. Jon Maya dantzariaren lan "intimoena" da. Gaur Malagan izanen dira, Max sarietan

Gau bateko iluntasunean hiru sortzaileren bizipenak erakusten ditu Gauekoak Jon Mayaren azken ikuskizunak. Dantzariaren oholtzara buelta dela esan daiteke, nahiz eta, berak aitortu duenez, inoiz ez dion dantzatzeari utzi. Igandean Altsasuko Iortia kultur gunean aritu ondoren, Malagako norabidea hartu dute gaur. Andaluziako hirian Max sariak banatuko dituzte, eta Gauekoak bi sailetan sarietarako proposatuta dago: Dantza ikuskizun onena eta eszenografia onena. Iortiako aretoa bete zuten. 

Zer da 'Gauekoak'?
Gauekoak oso ikuskizun intimoa da. Kukaik orain arte egindako ikuskizunekin alderatuta, ikuskizun intimoena eta pertsonalena da, nahiz eta hiru lagun gauden oholtzan: Xabi Bandini, Arkaitz Miner eta hirurok. Hiru sortzailek gau batean izan ditzaketen bizipenak, burutazioak eta abarrak kontatzen dituen arren, asko dauka autobiografikotik. Barne prozesu batetik abiatzen da, egoera konkretu bati ematen dioten erantzun zehatz batetik. Niretako oso berezia da. Kukaiko ikuskizunak beti izan dira oso konpainiakoak, dantzari talde batean oinarritutakoak, eta kasu honetan dantzari bakarra dago, bi musikariz lagunduta.

Nola sortu zen?
Nahiz eta inoiz ez diodan dantzatzeari utzi, iritsi zen momentu bat non Kukairen azken ikuskizunetan zuzendaritza lanetan aritzen nintzen, dantzari lanetan baino gehiago. Nolabait, pentsatu nuen etapa bat ixten zelae, erabaki hori hartu nuela, barnealdetik zerbait egiteko eta bizipen horiek guztiak oholtzara eramateko gogoa sartu zitzaidan. Gure sorkuntza prozesua nola izaten den kontatzeko gogoa: dantza tradizionaletik abiatuta eta kolaborazioak sustatuz. Cesc Gelabert, Israel Galvan eta Sharon koreografoak gonbidatuak izan ditugu, eta gauza horiek landu ditugu. Prozesuan Mireia Gabilondo zuzendariarekin ere idatzi, pentsatu eta errepasatu ahal izan ditut.

Dantzatzeko beharra sentitzen zenuen?
Etapa horren itxiera eszenatokitik egin behar nuela ikusi nuen. Gero ez dakit zer gertatuko den, baina behar hori sentitu nuen. Pila bat disfrutatu dudan prozesua izan da. Gozatu dut. Estreinu egunean kideei aitortu nien prozesuagatik bakarrik merezi izan duela. Egia da biran eta emanaldietan pila bat disfrutatu dugula ere.

Zer nolako dantza ikusi daiteke ikuskizun honetan?
Esango nuke oso dantzakera desberdinak daudela. Baditu lauzpabost zati oso desberdinduta, baita musikaren aldetik ere. Oso anitza da. Alde batetik, Xabiren kantakera dugu, beste alde batetik, Arkaitz biolina, mandolina eta gitarra jotzen… elkarrekin abesten dugu, eta haiek ere dantza egiten dute. Lau koreografo gaude ikuskizunean, eta koreografo bakoitzaren zatia oso nabarmena da. Nirea dantza tradizionalean oinarritutako dantzakera da, dantza tradizionalean kokatzen da; Israelek gutxien ikusi dugun Jon batera eramaten nau, eroa, umore kutsu batekin; Sharnonek oso erraietara eramaten nau, errepikapen batetik sentimendu batera, eta Cescek gogoeta giro batera eramaten nau. Atal bakoitzean Jon desberdin bat ikusten da, edo Jonen zati desberdinak.

Sentimenduetara jotzen du?
Neurri batean esango nuke baietz. Oso intentsua da. Eta oso benetakoa. Askotan benetakotasun horrek emozioa dauka. Hiruron artean gertatzen den harremana ere oso benetakoa da, oso naturala.

Igandean Altsasun egon zineten, baina martxoan egin behar zenuten emanaldia. Bat-batean dena gelditu zen. Nola eraman dituzu hilabete hauek?
Konfinamendua hasi zen aste horretan joan behar ginen. Guztiek bezala eraman dut. Egoera pila batetik pasa gara, bai pertsonalak bai profesionalak. Egia da maila pertsonalean etxean ondo egon naizela, etxekoekin, eta osasungarria ere izan da. Baina alderdi profesionalean gorabeheratsua izan da. Kukai bezalako kultur proiektu bat aurrera eramateak ahalegin eta energia asko eskatzen ditu, eta horrelako ziurgabetasun batean dena hankaz gora jartzen da. Era berean, ekintzari ekin genion eta gauza pila bat egin ditugu konfinamendu garaian. Ikus-entzunezkoak egin ditugu, museoekin lanean aritu gara, Donostiako Zinemaldian estreinatuko den film labur dokumental bat ere egin dugu… Orain atzera begiratzen dut, eta zenbat lan egin dugun ikusten dut. Momentuan igual ez nintzen konturatu, baina atzera begiratzean gauza asko egin ditugula ikusi dut.

Eta emanaldiak egiten hasi zarete berriz.
Bai. Egoera arraroa dago. Leku batzuetan gauzak antolatzen ari dira, eta oso ongi; beste batzuetan motelago ari dira. Ezjakintasun horretan egin ditugun emanaldietan pozik egon gara. Norabidea markatu digute. Kultur ekitaldiak seguruak dira, berme guztiak betetzen dira. Gauzak egiteko aukera dago.

Gainera, konfinatuak geunden garai horretan, Max sarietarako izendatuak esan zituzten, eta 'Gauekoak' Dantza ikuskizun onenera eta Eszenografia onenera izendatuta dago. Zer sentitzen da?
Oso pozik. Gainera, konfinamenduaren erdian harrapatu gintuen albisteak. Orduan oso albiste polita izan zen. Aurretik aipatu ditudan arrazoi guztiengatik eta ikuskizuna nola sortu zen kontuan izanda, oso xumetasunetik sortu zela, baina bihotz handiarekin. Horrelako sarietara izendatuta egon garen beste aldietan hala esan dut eta hala sinisten dut: horrelako leku batean egotea, gainera, astelehenean Malagara joatea eta horrelako gala batean egotea… hori da saria eta errekonozimendua guretzat. Malagara ospatzeko borondate guztiarekin joango gara, sarituta sentitzen garelako han egotearekin.

Zer da dantza zuretako?
Azkenean, bizitza bat eraiki dut horren inguruan. Bizitzeko modu bat. Dena da. Nire bizitzan egin ditudan hautu guztiak dantzaren alde egin ditut. Umetatik futbolean aritzen nintzen eta dantza egiten nuen. Futbola utzi eta dantzan jarraitu nuen. Kazetari gisa lan egiten nuen eta dantza egiten nuen, eta kazetaritza utzi nuen eta dantzara jarri nintzen. Nire bikotekidea ere dantzaren munduan ezagutu nuen. Gurasoen aldetik ere etxean dantza bizi izan dugu. Bizitzeko modu bat izan da, eta da.