Belaunaldien arteko doinuak

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 9a, 13:38
Puro Relajo taldea. UTZITAKOA

Altsasuko festetako iazko kontzertua "jendetsuenetariko eta arrakastatsuenetariko" bat bezala gogoratzen dute Puro Relajo taldeko kideek. Etzi kontzertua eskaini behar zuten Altsasun, baina taldeak jakinarazi duenez, kide batek COVID-19aren proban positiboa eman du, eta "penarekin" kontzertua atzeratu behar izan dute

Oibarkoak dira, baina Sakanarekin harreman estua dute. Puro Relajo 2013. urtean sortu zen, kantu afari batean, eta zazpi urte hauetan mexikarrak eta rantxerak abesten dituen talde ospetsuenetarikoa bihurtu da. David Garcia Erviti taldeko kideak aipatu duenez, "pena da aurten iazkoa ezin errepikatzea. Giro handia zegoen". Kultur emanaldi guztiak bezala, egoera berrira moldatu behar izan dituzte kontzertuak, hala ere, jendea "animatzea eta dibertitzea" da oraindik ere Puro Relajoren xedea. Ostiralean Altsasun kontzertua eskaini behar zuten, baina taldeak jakinarazi duenez, kide batek PCR proban positiboa eman du, eta egun hauetarako aurreikusita zituzten kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzte. Altsasura itzultzeko data berria bilatuko duela esan du ere Puro Relajok sare sozialen bidez. 

"Sakanan jendeak oso ongi erantzuten du, oso eskertuak gaude bertan izan dugun harrerarekin". Bailaran egin zuten lehenengo kontzertua Uharte Arakil izan zela gogoratu du Garciak, eta urteekin "herri ia gehienetan egon gara, behin baino gehiagotan". "Etxetik" gertu geratzen zaie Sakana, "eta leku oso polita da". Haranera itzultzeko gogoz egoten dira. Gainera, Sakanarekiko lotura gehiago dituzte, Lakuntzan bizi den Iñaki Bizkairen lagunak direlako. "Txuma gure akordeoilariak ezagutzen zuen. Nik ere ezagutzen nuen Nafarroa osoan ibili delako, eta ezaguna delako". Ondorioz, Puro Relajo taldea Iñaki Bizkairen diskoaren aurkezpeneko talde gonbidatua izan zen.

Mexikarrak abesten ditu, batik bat, Oibarko taldeak. "Ia hemengo musika bezala" ulertzen du Garciak: "Nafarroan oso errotuta dago. Taldeko bost kideok txikitatik mexikarrak entzun ditugu gure gurasoen entzuten zituztelako, eta estilo horrekin lotura berezia geneukan". Estilo hori taldearen sorreraren arrazoia izan arren, urrats bat gehiago eman zuten eta errepertorioa euskal kanta tradizionalak sartzen hasi ziren: Txoria txori, Xalbadorren heriotza eta abarren bertsioak egiten dituzte. Baita hegoamerikar musika ere. "Herri musika egiten dugu. Jendeari gustatzen zaion musika. Harrera oso ona izaten dute, eta animatzeko eta dibertitzeko balio dute".

Xarma
Herri musika jo arren, Puro Relajoren musikak "ukitu" berezi bat du. "Hori esaten digu jendeak". Lehenengo diskoa grabatu zutenean, "beldurra" izan zuten taldeko kideek, izan ere, Garciak azaldu duenez, ez dute mariatxiek erabiltzen dituzten gitarra handiak erabili, "eta ez genekien nola entzungo zen". Baina diskoa entzun zutenean, soinua gustatu zitzaien. Baita jendeari ere. "Puro Relajok berezko soinua zuela esaten hasi ziren, baina ez genuen guk bilatu". Soinu oso "identifikagarria" lortu dutela esaten dute zaleek. "Bilatu gabe, soinu berezi batekin lotzen gaituzte".

"Hasieratik desberdin egiten dugula esan izan digute". Zuzenekoak dira Puro Relajoren beste bereizgarrietako bat. "Oso indartsuak izaten dira". Mariatxi tradizional batekin alderatuta ere, haien estetika desberdina da. Jendeari eskerrak eman nahi dizkio taldeak, "hasieratik ongi pasatzera eta disfrutatzera etorri direlako". Kontzertu parte-hartzaileak eta hartu-eman handikoak egiten dituzte. Jendeari abesteko aukera ematen diote. "Kontzertu bat ez du taldeak egiten, kontzertuak publikoak egiten du. Sakanan topatzen dugun publikoa, esaterako, gozamena  da, haiek egiten dutelako kontzertua". Jendearekin konektatzen dute. "Modu hunkigarrian edo umoretsuan abestien artean hitz egiten dugu eta abestiak azaltzen ditugu". Boluntarioak eskatzen dituzte ere, "eta oso gutxitan ez da inor atera". Aurten ezin dituztela horrenbeste zuzeneko egin, faltan nabaritzen dituztela esan du Garciak.

Jende helduarendako musika estiloa egiten zutela pentsatzen hasi zen Puro Relajo, "baina harritu gaitu plazetan adin guztietako jendea ikusteak. Gu bezala mexikarrekin hazi diren haurrak eta 90 urteko aiton-amonak". Hori bizitzea taldearendako "oso berezia" dela aitortu du Garciak. "Belaunaldi ugari plazan estilo bakar batean abesten eta dantzan elkartzea izugarria da. Garai bateko festetara itzultzea bezalakoa da, denak plazan elkartzen zirenean". Orain aukera gehiago daudenez, plazan hainbeste jende elkartzea zailagoa dela esan du, "oso pozik gaude".

Musikariak azaldu du Mexikora migratu zuten euskaldunak izan litezkeela mexikarrek Euskal Herrian duten arrakastaren sekretua. “Musika hori ekarri zuten, eta gu musika hori entzunez hazi gara". Musika estilo hori "gurea bezala" gelditu dela dio.

Plazatik estudiora
Zazpi disko kaleratu ditu Puro Relajok. Lehenengo hiruretan mexikarrak, Hego Amerikako abestiak eta euskal kantaren bat grabatu zituzten. Laugarrenean, "jendeak eskatzen zigulako", euskal abestien bertsioak grabatu zituzten. "Modu berezian egiten genituela esaten ziguten, ukitu berezi bat ematen geniela". Arrakastatsua izan zela dio musikariak eta oraindik ere "ongi saltzen" dela. Bosgarrenean eta seigarrenean rantxeretara itzuli ziren, eta zazpigarrenean zuzeneko batekin "ausartu" ziren. "25 abesti ditu: 15 gaztelaniaz eta 10 euskaraz". Abesti berriak sartu zituzten zazpigarren disko horretan. "Kapritxoa eman genuen". Beste disko bat prestatzen ari direla aurreratu du Garciak.

Zazpi urtetan garapen handia izan du taldeak. "Txantxetan hasi ginen. Uda hartan zortzi kontzertu eskaini genituen. Hasiberriak ginen, eta artean ez genuen oso serio hartzen". 2014an, taldea sortu eta urtera, lehenengo diskoa kaleratu zuten. "Ibilbide serioagoa hartu genuen". 25 kontzertu egin zituzten urte hartan, hurrengoan 60 eta hurrengoan 80. "Progresiboa izan da". Guztira, 500 kontzertu baino gehiago egin dituztela esan du Garciak.

"Ez zitzaigun burutik pasa ere egin arrakasta hau izango genuenik". Taldekide guztiak aurretik beste talde batzuetan ibiliak ziren. "Baina elkartu ginen, eta gauzak ongi egin nahi genituen". Diskoak harrera ona izan zuen, eta jendearen erantzuna eskertzeko diskoarekin lortutako diru horrekin beste disko bat grabatzea erabaki zuten. "Gurpil bat egin dugu. Diskoek kontzertuak elikitzan dituzte eta kontzertuek diskoak". Sare sozialak ere aliatuak izan dira hasi zirenetik. Youtuben musika bideoak egiten dituzte, haien abestiekin istorioak kontatzen.

Aulkietan dantzan
Dantza egin gabe dantzatzeko sekretua dutela azaldu du Garciak, "eta praktikara eramaten ari gara". COVID-19 birusaren ondorioz sortutako egoera berriaren aurrean, "buelta bat" eman behar izan diote haien ikuskizunari: "Orain kontzertuak eserita, segurtasun tartea mantenduz eta maskara jantzita disfrutatzen dutenez, denbora guztian guri begira egon behar dira eta erritmo gehiago sartzea erabaki dugu". Jendearekin "zuzenago" komunikatzen saiatzen dira, baita "alaitasuna" eramaten ere.