Txirrindularitza

Jordi Lopez azkarrena Altsasun, eta Ailetz Lasa lehen nafarra

Guaixe 2020ko ira. 7a, 13:14

177 txirrindularik hartu zuten parte 91. Altsasu Txirrindularitza Proban. Hasieratik erasoak egon ziren eta lasterketa mugitu eta azkarra izan zen

Lasterketa ikusgarria eta azkarra izan zen atzo Altsasun jokatutako afizionatuen 91. Altsasu Txirrindularitza Proba. Lasterketa asko bertan behera geratu direnez, talde askok parte hartu nahi izan zuten Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako proba beteranoan eta baimendutako 200 tokiak beteta zeuden. Hala ere, azken orduan Cartagenako talde bat ezin izan zen aritu eta, azkenean, 177 txirrindularik ekin zioten 130 kilometroko probari, Altsasu Kirol Elkartearen egoitzatik. Aurten, gainera, lasterketa luzatu zuen antolakuntzak eta txirrindulariek 6 aldiz igo behar izan zuten Altamira. 

Lasterketak giro polita sortu zuen herrian, Altamiran eta inguruetan. Jende asko bildu zen proba jarraitzera. Antolakuntzak, Felix Mazkiaran buru, COVID-19 dela eta eskatutako segurtasun neurri guztiak betetzeko sekulako ahalegina egin zuen. Goizeko 10:00etan abiatu zen proba, eta ziztu bizian atera ziren txirrindulariak; erritmoa oso azkarra izan zen hasieratik. Lasterketa azkarra eta mugitua izan zen, ihesaldiz josia. Horietako bat lasterketa erdialdean sortu zen, 4 txirrindularik aurrera egin –Miquel Delgado (Lizarte), Alex Uranga (Grupo Eulen), Jorge Galvez (Avimosa-Chozas Team eta Aitor Lucas (Escribano)– eta ia minutu bateko tartea atera zutenean, baina helmugarako 40 kilometroren faltan tropelak ihesaldia bertan behera utzi zuen. Aipatzekoa da Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak, Lizartek eta Laboral Kutxak ihesaldiak kontrolatu zituztela. 

Altsasuko Txirrindularitza Proba Altamirako azken igoerak erabaki zuen, Miquel Delgado (Lizarte), Jordi Lopez (Lizarte, Andoni Lopez de Abetxuko (Rural Kutxa) Xabier Azparren (Laboral Kutxa) eta beste txirrindulari batzuk aurrera egin zutenean. 40 segundoko aldea atera zuten, baina Jordi Lopezek erasoa jo eta Altsasuko helmugara bakar bakarrik heltzea lortu zuen (3:11:50), atzetik zetorren taldeari 2 segundo aterata. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Dorian Foulon izan zen bigarrena eta Xabier Azparren (Laboral Kutxa) hirugarrena. Lehen nafarra Ailetz Lasa ziordiarra izan zen (Laboral Kutxa), helmugan talde berean 12. postuan sartu eta gero, 2 segundora. 

Lizarte izan zen talderik onena eta Andoni Lopez de Abetxukok (Rural Kutxa) irabazi zuen mendiko sailkapena. Altsasuko lasterketa afizionatuen Euskaldun Torneorako baliagarria zen eta Jon Barrenetxeak (Baque) jarraitzen du lider. Gauzak ongi, Seguran (irailak 13), Lazkaon (irailak 26) eta Berriatuan (urriak 4) erabakiko da Euskaldun Torneoa. 

Bestalde, lasterketa behar bezala antolatzeko Altsasu Kirol Elkartea laguntzen 60 boluntario inguru aritu ziren, bidegurutzeak egiten, motorrak edo epaileen autoak gidatzen, megafonian eta beste. “Antolakuntzatik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, euren lana gabe ezingo baitzen lasterketa aurrera atera” azaldu du Felix Mazkiaranek. Sari ematea Iortia parean egin zen, baina saritutakoek bakarka jaso behar izan zituzten sariak. COVID-19 garaia.