Utzi bakean Altsasu

Erabiltzailearen aurpegia Josu Rubio Mendiluze (Altsasuko EH Bildu) 2020ko ira. 11a, 09:10

Azken asteotan Altsasuko hiritarrok berriro ere albiste bihurtu gaituzte, zoritxarrez. Denetarik entzun eta jasan behar izan dugu: gorrotoak mugitzen gaituela, basati hutsak garela... Jakin badakigu egoera hau ez dela berria. Izan ere, gure herritik Guardia Zibila joan dadila aldarrikatzen dugun bakoitzean, eraso eta irainak jaso behar baititugu.

Benetan nekatuta eta nazkatuta gaude egoera hau jasateaz. Hainbat kazetarik, inolako lotsarik gabe, istorioak asmatzen dituzte eta gai dira plaza hutsetatik hitz egiteko, fronte gerra batean egongo balira bezala. Alderdi batzuek ere herrian zer giro dagoen eta zer gertatzen den jakin gabe, gupidarik gabe Altsasuko herritarrok iraindu gaituzte, eta dena telebistetan "loria minutu" batzuk lortzearren. Zentzu horretan biziki larria iruditzen zaigu Nafarroako Parlamentuan gertatutakoa, non deklarazio batean Altsasuko hiritar batzuei delituak egozten zaizkien inongo zentzu, arrazoi eta justifikaziorik gabe. Batzuek deklarazioa bultzatu dute; beste batzuek, berriz, ostrukarena egin dute. Nahikoa da! 

Altsasun, Sakanan eta Euskal Herrian Guardia Zibilaren historia ongi asko ezagutzen dugu. 1936an hasi zen errepresio bortitzean zer egin zuen badakigu; frankismoaren aurkako mobilizazioen kontra nola oldartu zen ere ezagutzen dugu; bere kasernetan hainbat herritarrok pairatu duguna ere badakigu; kontrolak direla eta, errepide bazterretan pasatako une gogorrak ezagutzen ditugu; Altsasuko hainbat gazte pairatzen ari diren egoera latza ere ezagutzen dugu. Beraz, Espainiako Barne Ministroak ez gaitu konbentzituko Altsasun Guardia Zibilak beharrezkoak direla esaten duenean. Altsasun garbi dugu Guardia Zibila elkarbizitzarako traba besterik ez dela. Zentzu horretan, guztiz zilegi iruditzen zaigu Guardia Zibilak alde egin dezan aldarrikatzea.

Bukatzeko, Altsasuko herritarrok berriro ere probokazioetan ez erortzeko erakutsi dugun jarrera txalotu nahi dugu. Berriz, gure herria haien interes pertsonal eta politikoen mesedetan erabiltzen dutenei berriro ere ozen esan diegu: "Utzi bakean Altsasu".