Munduko arazo guztiak ahaztuz

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 17a, 12:52
Iorita Antzerki Taldeko parte hartzaileak. IORTIA

'Ya es la hora' antzezlana mustuko du Iortia Antzerki Taldeak irailaren 19an, larunbatean, 19:30ean, Altsasuko kultur gunean. Apirilean mustu behar zuten, eta lan handia egin dute oraingo egoerara moldatzeko

Antzerkiak harrapatzen du. Iortia Antzerki Tailerreko parte hartzaileek argi dute. Probatzeagatik hasi ziren, eta dagoeneko bi, lau, hamar… urte daramatzate antzerki taldean. Apirilean Ya es la hora antzezlana mustu behar zuten, baina koronabirusak sortutako osasun krisialdiagatik, beste hainbat emanaldi bezala, bertan behera geratu zen. “Dena gelditu zenean, ez genuen aurrera jarraitzeko asmorik. Kontaktuan egon gara, baina ez genuen obrarekin jarraitu ez genuelako pentsatzen aurrera eramango genuenik”, azaldu du Birjiñe Albira tailerreko zuzendariak. Baina Iortia kultur gunea “martxan” jarri zenean, entseguetara itzuli ziren. Datorren larunbatean, irailak 19, 19:30ean, mustuko dute antzezlana.

Erronka handia izan dute, eta izango dute. “Berriz hastea bezala izan da. Testua nahiko ahaztuta geneukan, normala denez, eta berrestrukturatu behar izan dugu, pertsonaia batzuk lekuz aldatu…”. Lan handia izan dute atzetik. Gainera, erronka berri bati aurre egin behar izango diote: “Agertokiaren gainean, publikora begiratzen dutenean maskarak ikusiko dituzte. Ez dute jakingo zer pasatzen den haien buruetatik. Hori oso zaila da”. Baina agertokira igoko dira, “izugarria” delako. Kulturaren aldeko mezua zabaldu nahi dute ere: “Antzerkira, kontzertuetara eta emanaldietara joan behar dugu. Gurea izan edo beste bat izan”. Kultura garrantzitsua dela esan du Amelia Lapuente aktoreak.

Antzerkia
Iortia Antzerki Tailerra “urtero aldatzen” da. “Bakoitzaren bizitzaren kontuak direla eta”. Hala ere, posible badute, gehienek errepikatzen dute esperientzia. Aurten bederatzi pertsonak osatzen dute tailerra, hamar Albirarekin. “Kopuru polita da. Zazpi eta hamar artean egon gara beti. Urte batean jende gehiegi egon zen, lana aurrera eramateko hemezortzi pertsona asko direlako”. Albiraren ustez, antzerki tailer bat egiteko kopuru egokiena zortzi pertsona dira.

Amelia Lapuenteri betidanik gustatu zaio antzerkia. “Jolasteko beste modu bat da. Sormenezko joku bat da. Zoragarria da”. Gustura egiten du. “Berez lotsatia naiz, baina ez du zerikusirik”. Isabel Borregak ere lotsatia dela aitortu du, eta ez zuen inolaz ere irudikatzen bere burua agertoki batean. Alabagatik eman zuen tailerrean izena: “Nik esaten nion ezetz, nola igo behar nintzen ni oholtzara! Baina hainbeste tematu ondoren, izena eman nuen. Eta gustatu zitzaidan. Pena aurretik etorri ez izana”.

Bea Ganuza bere alaba da eta azaldu duenez, “antzerkia egitea oso ondo etorri zitzaidan”, eta horregatik amari izena emateko esan zion. “Lotsatia nintzen, baina orain lotsa pixka bat kendu dut eta egunerokotasunean ere ez naiz horren lotsatia”. Lotsak eta beldurrak alde batera uzteko balio duela esan dute antzezleek. “Dena gustatzen zait”, aitortu du Juani Santanok. “Adin honekin bizitza ematen dit. Jende zoragarria ezagutu dut”. Santano taldeko helduena da, eta antzerkia memoria lantzeko oso ona dela esan du. “Ohean nago, eta testua errepasatzen ari naiz. Bururako oso ondo dator”. Iortian entseatzera sartzen direnean “munduko arazo guztiak” ahazten dituztela esan dute. “Beste guztia kanpoan gelditzen da”.

Taldekideekin sortu duten harremana gustatzen zaie ere tailerreko parte hartzaileei. “Terapia” dela esan du Rober Rodriguezek. “Erregistroa aldatzen dugu eta bizitzan eginen ez nukeen paper bat egiten dut. Hori gustatzen zait”. Antzerki tailerrak engantxatu ditu, eta urtero errepikatzen dute. Altsasuko Udalak aurten ere Iortia Antzerki Tailerra martxan jarriko du. Urriaren 1ean hasiko da, eta martxoaren 28an amaituko da, sortutako antzezlanaren mustutzearekin. Astearteetan 20:00etatik 22:00etara izanen dira tailerrak. Izena ematea irailaren 16an hasiko da eta 22ra arte iraungo du, iortia@kultura.net edo 948567272 telefonoan.

Antzezlana
Iortia Antzerki Tailerraren bereizgarrietako bat da parte hartzaileek beraiek hutsetik sortzen dutela publikoaren aurrean erakutsiko duten antzezlana. “Tailer guztiek ez dute horrela funtzionatzen. Badira bertsioak egiten dituzten tailerrak, edo obra bat literalki interpretatzen dutenak. Bakoitzak modu batera egiten du”. Baina Albirak erabiltzen duen formulak “sormenerako ahalmen” handia eskatzen du: “Haiek pertsonaiak sortzen dituzte eta gero pertsonaiak akzio bat egiten jartzen dira. Ea zer gertatzen den”. Baliteke ideia baten hasiera izatea, eta hortik tiratzen dute. “Sormena” da gakoa. “Haria zuzendariak markatzen du, baina geuk ere ideiak ematen ditugu”.

Aurtengo antzezlana langabeziaren bulego batean gertatzen da, SEPE delakoetan, eta hainbat pertsonaia agertzen dira. Komedia dramatikoa dela esan daiteke. “Hasi ginenean bazen jendea ez zekiena SEPE zer zen. Orain denek dakite zer den SEPE”. Gaurkotasunezko gaia bihurtu da, nahigabe, irailaren 19an, 19:30ean, mustuko duten antzezlanaren istorioa.