Festak bertan behera gelditu direla eta, Altsasuko EH Bilduko kideek adierazi dutenez, “aurten geure burua zaintzea, arduraz jokatzea eta lan egitea dagokigu, hurrengo ospakizunetan guztiok egoten jarrai dezagun”. Koalizioko kideek gaztigatu dutenez, “COVID-19aren kutsaduraren aurrean festetan, azoketan, ekitaldietan zaila da prebentzio neurriak mantentzea”. Eta gogorarazi dute festak bertan behera uzteko erabakia Euskal Herri guztian hartu direla, ez soilik Altsasun.
Altsasuko EH Bilduko kideek gaineratu dutenez, “guztioi gustatuko litzaiguke festak ospatu ahal izatea. Familiarekin, betiko lagunekin eta berriekin. Kontzertuez gozatzea, dantza eginez eta elkar besarkatuz. Herri bazkarietan herria egiten jarraitzea eta abar. Baina aurten berrasmatzea dagokigu, ezin dugu osasun egoera larri hau ez bagenu bezala jokatu, eta betikoa eta beti bezala egiten jarraitu”. Eta gogorarazi dute “pairatzen ari garen osasun-egoera kezkagarria” dela.