Udalak historia-memoria ikertzeko beka deialdia egin du

Guaixe 2020ko ira. 15a, 12:42
Altsasu BHIko eta udaleko ordezkariek hitzarmena sinatu zutenekoa.

Herriko edo Sakanako historia-memoria lantzeko Altsasuko Udalak ikerketa-beka deialdia egin du. 700 euroko poltsa du. Lana egiteko bost hilabete izanen dira. Eskaerak lastailaren 21era arte aurkeztu daitezke.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko Geografia eta Historia Departamentuak garatutako Gogoan proiektuaren baitako proiektua da beka. Egitasmo horren barruan, bederatzi ikasturtez, DBHko 4.mailako ikasleek 300 elkarrizketa egin zizkieten ibarreko adinduei. Hizketagaia 1936ko estatu kolpea eta ondorengo garaiak izan ziren. Beka eskuratzen duenak lekukotza horien eta bestelako materialen azterketan oinarrituta ikerlana ondu beharko du. 

Beka eskuratu eta ikerketa egin nahi dutenek, gutxienez, batxilergoko titulua izan behar dute. Deialdira banaka edo taldeka aurkezteko aukera egonen da. Beraien eskaerak Altsasuko udaletxean aurkeztu beharko dute lastailaren 21era arte. Eskabide orria www.altsasu.eus webgunean eskuratu dezakete. Udalak beka ematen duenetik, hartzaileak bost hilabete izanen ditu lana despeditzeko. 700 euroen erdia beka ematean jasoko du ikertzaileak eta beste erdia lana idatziz eta informatika euskarrian ematean. 

Institutuak eta udalak sinatutako hitzarmenaren barruan deitutako bigarren beka deialdia da honakoa. Aurrenekoa Kitz Mendiola Barandallak eskuratu zuen eta “Jolasa eta aisialdiren begirada feminista haur eta gazteengan gerra zibilean Sakanan” ikerlana aurkeztu zuen.