COVID-19 gaitza ez hedatzeko hartutako prebentzio neurrien artean elkarteei dagozkienak ere badaude. Egoitzaren desinfekzioarekin batera (elkarte bakoitzak bere protokoloak ezarri ditu legera egokitzeko), mahaiko gehienez hamar pertsona egotea, erabiltzaileen arteko distantzia mantendu beharra eta higiene neurriak zorroztu dituzte. Baita ordutegia mugatu ere. Ez-festetan, jende pilaketak saihesteko hartutako neurrietako bat da elkarteak gaurtik asteartera 00:00etatik 06:00etara itxita egotea. Hori eta gainontzeko irizpideen berri emanez udalak jakinarazpena bidali die elkarteei.
Faktore horiek guztiak kontuan izanik, zenbait elkartetan batzarrak egin dituzte aste honetan zer egin erabakitzeko. Zubeztia elkartea itxita egonen da. La Encina, Lagun Onak, Otai eta Amandrea, berriz, zabalik. Beti Iaten elkartea, ziurrenik, zabalik egonen da, baina azken erabakia atzo arratsaldean egindako bileran hartu zuten. Eta gauza bera Kukuerreka elkartean ere.