2020ko festa 'berriak'

Jai batzordeak eskaintza prestatu du

Guaixe 2020ko ira. 11a, 11:47
Duela hiru urteko festetan errepresioa salatrzeko egindako manifestazioko une bat.

Aldarrikapenarekin batera mozorro eta haur egunak musika emanaldiek osatzen dute eskaintza.

Altsasuko jai batzordeak Guztien artean… Jaiak herritik herriarentzat lelopean ez-festa garairako zenbait ekitaldi antolatu ditu. Prestatutako egitarauko ikuskizun guztietan segurtasun neurriak beteko direla jakinarazi dute. Eta gaztigatu dute derrigorrezkoa izanen dela musukoa. 

Gaur, 19:00etan, Foru plazatik manifestazioa abiatuko da. Haren buruan doan pankartan Langile antolakuntzaz, krisiari aurre egin leloa irakurriko da. Jai batzordeak larunbata mozorro eguna izendatu du, eta, horregatik, jendea mozorrotzera deitu du. Gainera, iragarri dute 13:00etan trikitilariak izanen direla Foru plazan. Eta toki berak, 16:00etan, bakarlarien saioa hartuko du. Domekarako Elektrokela elektrotxarangaren emanaldia iragarri dute Foru plazan, 18:00etan. Eta eszena-toki berak Koko eta Jorgeren showa hartuko du 22:00etan. Bukatzeko, haurren egun gisa izendatu dute astelehena eta, 12:00etan, Txan magoaren ikuskizuna iragarri dute Iortian.