Pandemiak eragindako gaitza ez zabaltzeko, Altsasuko Udalak bertan behera utzi zituen festak, baina udari begira “egitarau alternatiboa” prestatu zuen. Hari despedida emanen zaio asteburuan. Bihar, 19:00etatik aurrera, Burundar Txistulariek herrian barnako kalejira eginen dute. Eta, 22:00etan, La Banda del Jefe Bigun taldearen txanda izanen da. Iortia kultur guneko zabalguneko eszena-tokira igoko dira rock doinuak eskaintzera.
Festetan hutsik egiten ez duen kirol probetako bat da Burunda txirrindulari taldeak antolatzen duen lasterketa. Domekan jokatuko da, 10:00etatik aurrera. 13:00etan, berriz, Haize Berriak bandak kontzertua eskainiko du. Oraingoan Sakanako musika banda aldamenean izanen du Mielotxin folk musika talde nafarra. Egitaraua Vaiven Circo konpainiaren Esencial obraren emanaldiarekin itxiko da, Iortia kultur gunean, 18:00etan.