Herriko festak bertan behera gelditu direla eta, ez-festen testuinguruan, Javier Remirez Apeztegia lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak bilera egin zuten asteartean. Ondoren egindako agerraldian biek “herritar guztien konpromisoa eta erantzukizun indibidual zein kolektiboa” eskatu zituzten, prebentzio-neurriak betetzen jarraitzeko eta COVID-19 kutsatze gehiago saihesteko.
Remirez lehendakariordeak “egun hauetan familia eta lagun topaketak saihestu edo gutxitzeko” dei egin zuen, “egoera horietan prebentzio-neurriak erlaxatzen ari direla ikusten ari baikara”. Kontseilariak gogorarazi zuenez, festen ondoren COVID-19 gaitza kutsadurak gora egin du zenbait tokitan. Eta adibide gisa Iruñea eta Tutera jarri zituen. “Baina badaude herriak erakutsi dutenak ongi egin dutela eta kutsadura igo ez dela, Tafalla esaterako. Erakundeen eta gizarte kontzientziazioaren emaitza dira horiek”. Eredu hori segitzera animatu zituen altsasuarrak, are gehiago ospakizunak hezkuntzako ikasturte hasierarekin bat egin duenean.
Bestalde, Ollok gogorarazi zuen herriko ia festa egitarau guztia bertan behera gelditu dela aurten. Data horietan altsasuarrek izandako jarrera arduratsua nabarmendu zuen. Egun hauetan “erantzukizun bera” izaten jarraitzeko eskatu du. Alkateak azpimarratu zuenez, “orain arduraren garaia da, etorkizunean gozatu ahal izateko”. Etorkizuneko ospakizunez galdetuta, Ollok gogorarazi du aurtengo feriak bertan behera gelditu direla. “Osasun agintariek esanen dute, baina hurrengo urteko lehen sei hilabetekoak ospatzea nahikoa zail ikusten dut. Eta, egitekotan, formatu oso desberdinean. Baina, momentuz, argi dagoen bakarra da aurten Altsasun ez dela ospakizunik izanen”.
Zaintza
Altsasuko festak direla eta, Foruzaingoak urtero zaintza berezia prestatzen du. Aurtengoan zaintza hori osasun-araudia betetzen dela ziurtatzera bideratuta egonen da. Horretarako, Altsasuko polizia etxeko agenteen presentzia Iruñekoekin indartuko da. Ollok jakinarazi zuenez, gaur eta bihar gauean Udaltzaingoa lanean egonen da.
Araudia
Irailaren 11tik 15era.
- Ezin dira kontzentrazio sozialeko ospakizunak, otorduak eta herri-bazkariak egin kalean.
- Ezin da edaria edo janaria zerbitzatzeko txosnarik eta kanpoko barrarik jarri, edota karparik edo atrakziorik espazio publikoetan.
- Ez dira baimendu kanpoko barrak edota musika-emanaldiak kalean.
- Ez-festa egunetan tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak, jolaserako aretoak eta joko-aretoak 00:00etan itxiko dira, ordutegi horretan lokala uzteko denbora sartu gabe.
- Gastronomia elkarteek 00:00etatik 06:00etara hutsik egon behar dute.
Osasun-arloko prebentzio-neurriak
- Jende askoko zonak saihestea.
- Distantzia mantentzea
- Maskara erabiltzea.
- Eskuak maiz eta minutu batez garbitzea xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin.
- Establezimendu bakoitzean adierazitako edukiera errespetatzea.
- Koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena edo dastamena galtzea, beherakoa, eztarriko mina edo muskuluetako min ez ohikoak edo arrazoi ezagunik gabeak) izanez gero, beharrezkoa da etxean isolatuta geratzea eta osasun-zentrora hots egitea, edo ordutegiz kanpo telefono honetara: 948 290 290.
- Telefono mugikorretan COVID Radarra aplikazioa instalatzera animatu du Nafarroako Gobernuak.