Kale-edana eta istiluak ez-festetan

Guaixe 2020ko ira. 14a, 11:56
Udaleko langileak Foru plazako kale-edaneko arrastoak garbitzen plazan atzo goizean.

Larunbat goizaldean Santa Luzia Sakanen edanean zegoen gazte taldea sakabanatu zuten poliziek. Larunbat eta gaur goizaldean kale-edana izan da Foru plazan. Atzo goizaldean istiluak izan ziren.

Festak bertan behera gelditu badira ere, gazte altsasuarrek festarako gogoa dute eta, horregatik, kale-edana antolatu zuten larunbat goizalderako. Santa Luzia Sakanen zen hitzordua. Haren berri gazteez aparte segurtasun indarrek ere izan zuten. COVID-19 gaitzari aurre egiteko neurrien urratzea zelako Udaltzaingoa, Foruzaingoa eta Guardia Civila hara joan ziren. Patruilak agertzearekin batera gazteek hanka egin zuten eta ez zen jakiterik izan zenbat parte-hartzaile zeuden. Nahiz eta poliziek “makro-botelloia” zela gaztigatu zuten. Gazteek han utzitako potentzia handiko bozgorailuak, karpa, ekipo elektrogenoa eta edari ugari atzeman zituzten agenteek. 


Larunbat goizaldean atzemandakoa. Argazkia: Foruzaingoa.

Atzo
Bezperako plana atera ez zenez, eta, atzera ere, dermioan ospakizuna egiten saiatuz gero berriro harrapatuko zituztela pentsatuz, gazteek larunbat gaueko ospakizuna herrian bertan egitea erabaki zuten. 23:00etarako hasi ziren Foru plazan biltzen, bafle baten musika lagun, kale-edanean aritzeko. Bildutako hainbatek osasun egoeragatik ezarritako neurriak ez zituzten bete. 

Guardia Civilak zabaldu duenez, goizaldeko 01:00ak aldera Udaltzaingoaren laguntza deia jaso zuen, 70 bat lagunek Foru plazako kalezulo batetik botilak eta objektuak jaurti zizkietelako. Foruzaingoaren eta Guardia Civilaren patruilak plazara joan ziren eta festak ospatzen zeuden 300 bat gazterekin opatu ziren. Gazteek azaldu dutenez, ibilgailuak plazan ziztu bizian sartu ziren eta ia bat baino gehiago harrapatu zuten. 

Gazteek korrika alde egin zuten Foru plazatik. Baina izan ziren agenteen ibilgailuei basoak eta botilak bota zizkietenak, aulkiak eta terrazetako mahaiak eta edukiontziak irauli zituztenak, loreontzi handiak mugitu zituztenak (elizaren atzeko aldean eta Gartzia Ximenez kalean). Aralar eta Urbasa kaleen artean suak hiru edukiontzi kixkali zituen. Guardia Civilak jakinarazi duenez, gertakarien ondorioz bere ibilgailuetako batek kalteak ditu. Eta gaineratu duenez, gertakarietan ustez parte hartu zuten pertsonak identifikatzeko gestioak egiten hasia da.

Larunbat goizaldean jazotakoaren ondoren, gazte askok etxean bukatu zuten. Baina etxerako bidean ziren beste hainbat, atzera ere, plazan bat egin eta ospakizunarekin segi zuten. Gaur goizaldean ere kale-edana izan da Foru plazan. Bezperako gertaerak Altsasu herria, atzera ere, atzo hedabide digitaletan, irrati eta telebistetan eta gaurko prentsan agertzera eraman zuen. Hainbat hedabidek emandako bertsioak edo albistearen trataerak ez ziren altsasuar askoren gustukoa izan. Gertaerengatik halako hedabideetan presentzia izateagatik nekea agertu zuten hainbatek. Bestalde, gazteen jarrerak ere altsasuarren artean zeresana sortu du. 

Parlamentuan 
Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea bilduko da gaur, astelehenero moduan. PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk Altsasuko gertaeren inguruko erakunde adierazpen proposamena aurkeztu dute. Alde batetik, irailaren 13ko goizaldean Altsasun gertatutakoak arbuiatzeko, “baita materialetan eta pertsonei kalteak sortzen duen indarkeriazko edozein adierazpen ere”. Eta, bestetik, “herritar guztiei arduraz jokatzeko deia berrestea, osasun neurriak betetzeko eta COVID-19 pandemiari eta bizi dugun osasun krisi larriari aurre egiteko”. 

Bestelakoak
Nafarroako Gobernuak ostiralean jakinarazi zuen tabernetan, bai barruan, bai kanpoan eserita kontsumitu behar zela eguerditik aurrera. Lehendik ere nahikoa neurri zorrotzak betetzen dituzten tabernarien haserrea eragin du erabakiak. Gainera, Arkangoa kaleko bi tabernek 21:00etan itxi zituzten ateak asteburuan. Kalea estua izanik, toki bila joaten den jendea kalean pilatzen da eta arazoak saiheste aldera hartu zuten erabakia. Bestalde, Foruzaingoak jakinarazi du drogak izateagatik Altsasun bi salaketa jarri dituela asteburuan.