Saskibaloia

Naiara Diezen Lointek Gernikak Emakumezkoen Ligari ekin dio

Guaixe 2020ko ira. 21a, 10:45

Lehen jardunaldian kapitain altsasuarraren taldeak 64 eta 52 galdu zuen Valencia Basketen kontra

COVID-19 pandemia dela eta, zailtasunak zailtasun, 2020/2021 Emakumezkoen Saskibaloi Endesa Liga asteburuan hasi zen. Ligako lehen jardunaldian Naiara Diez altsasuarraren Lointek Gernika Bizkaia taldeak Valencia Basket izan zuen aurkari eta, nahiz eta bizkaitarrak gogoz saiatu, ezin izan zuten garaipena etxera ekarri eta 64 eta 52 galduta itzuli ziren Valentziatik. Taldea sendotzeko egindako fitxaketek indar asko eman diote Valentziari, eta hori asko nabaritu zen larunbateko partidan. Nolanahi ere, irudi oso ona eman zuten Mario Lopezen neskek.

Bestalde, gogoratu beharra dago irailaren 13an Gernika Bizkaia Lointekek Endesa Superkopako finala jokatu zuela Bilbon, Perfumerias Avenidaren kontra. Naiara Diez kapitain altsasuarraren taldea bere lehenengo titulua izango zena lortzear egon zen, baina Perfumerias Avenidak hirugarren laurdenetik aurrera tartea ateratzea lortu zuen eta, azkenean, 50 eta 66 irabazita, Salamancako taldeak Superkopa irabazi zuen.