EH Bildu: "Egoerari irtenbidea herritar guztien artean bilatu behar diogu"

Guaixe 2020ko ira. 22a, 13:23
Altsasuko EH Bilduren hautagaitzaren aurkezpenean.

Lehen pauso gisa, "pandemiaz lasai eta zabal hitz egiteko" batzarra deitu du. Gaur izatekoa zen batzarra, baina heldu den asteazkenera, hilaren 30era, atzeratu dute, 19:00etan, Iortia kultur guneko gela txikian. 

COVID-19 pandemia betean Altsasun ez-festak izan ziren. Altsasuko EH Bilduren iritziz, "aurreko asteburuan gertatutakoaren ardura guztion artean banatu behar dugu. Argi daukagu hainbat erantzukizun maila daudela, baina guztiok dugu ardura puntu bat. Herriaren sektore konkretu bat seinalatzeak ez du arazoaren muina konponduko. Gauza gehiegi gaizki egin ziren eta irtenbidea herritar guztien artean bilatu behar da”. Norabide horretan pausoak emateko deitu du batzarra koalizioak, "osasun arazo honi aurre egiteko eztabaida zabal eta lasai bat egiteko unea heldu dela” uste duelako . 

Altsasuko EH Bilduko kideek adierazi dutenez, "osasun krisialdi honi ahal izan dugun neurrian aurre egin diogu. Orokorrean, instituzioek hartutako erabakiak onartu eta bete ditugu herritarrok. Beti ere, guztion hobe beharrez direlakoan”. Konfinamendua eta "normaltasun berriko arauek gure bizitzari eragin dizkioten aldaketak ez dira makalak izan. Herritarron gehiengo handi batek neurri horien zergatia ulertuta, jarrera arduratsua izan du”. 

Koalizioak, hala ere, gogorarazi duenez, "normaltasun berri horretan, arauak ezartzeko orduan, eztabaida eta parte hartze txikia egon da. Sei hilabete pasatu dira eta oraindik eztabaida ez da herritarrengana era egokian heldu”. Altsasuko EH Bilduk ziurtatu duenez, "herri honek heldutasun nahiko dauka eta, behin hasierako premiazko neurriak hartuta, osasun arazo honi aurre egiteko eztabaida zabal eta lasai bat egiteko unea heldu dela deritzogu”.