Udalak 282.757,53 euroko aurrekontua duten lanak eman ditu

Guaixe 2020ko ira. 29a, 11:34
Jendea bainua hartzen Dantzalekun.

Kaleen, hilerriko zati bateko kaleen eta Dantzaleku arazoen konponketa eta Alde Zaharrean LED argiak jartzea dira emandako lanak.

Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak hainbat erabaki hartu zituen astelehenean egindako bilkuran. Horien artean dago Construciones Beroste SA enpresari herriko hainbat kaletan konponketa lanak egiteko kontratua ematea. 84.125,06 euroren truke (BEZ kanpo) konponduko dituen kaleak dira: Nafarroa kalea (Burunda eta Gipuzkoa kaleen artean), Sorgingainbera kaleko (Zubeltzu aldapa) porlanezko zoruaren ordez asfaltoa jarri eta espaloia konpontzea, Kale Txikin (Altzania kaleko bidegurutzearen ondoan) oinezkoendako zebrabide goratua jartzea, Erburua kalea beilatoki pareraino konpontzea eta Altzania kalean dagoen autoen aparkalekua egokitzea baterian aparkatu ahal izateko. 

Enpresa berak 35.388,64 euroren truke (BEZ kanpo) eskuratu du hilerrian egin beharreko lanak. Zehazki panteoi zaharrenak dauden tokiko kaleak berritzea. Dantzalekuko igerilekuan dauden arazoak konpontzeaz arduratuko den enpresa Pool Time SLU da eta lan horrengatik 118.643,97 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Asmoa da igerilekuko lanak heldu den udarako erabilgarri egotea. Azkenik, Telman SL enpresaren esku gelditu da Alde Zaharreko argiteria berritzeko kontratua. LED argiak jarriko dituzte 44.599,86 eurorengatik (BEZ kanpo).

Bestalde, Altsasuko Udalak bi dirulaguntza jaso ditu. Nekazaritza azpiegiturak sortu eta hobetzeko 36.730,17 euro. Horrekin eta udalak jartzen duenarekin Zezenagako itxitura eginen da eta Otadiko bidea asfaltatuko da. Horrekin batera, Altsasuko Elkarbizitza Planerako diagnosia egiteko udalak 8.000 euro jaso ditu.