Gaur eta bihar, pentsio duinak!

Guaixe 2020ko ira. 25a, 14:33
Pentsio duinen aldeko manifestazioaren berri asteleheneroko kontzentrazioan eman zuten.

Larunbatean, 19:00etan, Altsasuko foru plazatik abiatuta. 

Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna lastailaren 1ean ospatzen da. Heldu den ostegunean izanen da. Bestalde, Espainiako Diputatuen Kongresuko Toledoko Ituneko Batzordea bilerak egiten ari da. Pentsio sistemaren erreforma egiteko aholkuak lehenbailehen eman nahi ditu. Lanak aurreratuak badituzte ere, ez dituzte oraindik despeditu. Taldeek asteartean aurkeztuko dituzte bere ondorioak eta haiek oinarri hartuta hasiko dira lanean. Espainiako Gobernuaren nahia litzateke aholkuak lehenbailehen jasotzea, gero haiek 2021eko aurrekontuan jasotzeko eta, horrela, pentsioak dekretu bidez ez eguneratzeko, aurten gertatu den moduan. 

Testuinguru horretan, “eta hartu behar dituzten erabakiak pixka bat baldintzatzeko”, Sakanako Jubilatuen, Pentsionisten eta Adinekoen Koordinakundeak manifestazioa deitu du larunbaterako. Koordinakundeko kideek nahi dute gaur egungo pentsioak duinak izatea. Horregatik, aldarrikatzen du gaur egun 1.080 euroko pentsioa. Gainera, etorkizuneko pentsioak ere koordinakundearen kezka dira: “gaur egun lanean ari diren pertsonek kotizatzea nahi dugu, etorkizunean pentsio duina izateko”. Horregatik exijitu dute 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, “kotizazioa txikia ez izateko. Bestela, kotizazio txikiekin, ezin da bermatu egungo langileek etorkizunean pentsio duina jasotzea”.  

Pandemia
Koordinakundeko kideek nabarmendu dutenez, “COVID-19 gaitzak zalantzan jarri du gure osasun sistema publikoa. Frogatuta dago aurreko urteetako osasun arloko murrizketak orain ordaintzen ari garela”. Horren adibide gisa jarri zuten Lehen Arretako osasun sistemaren egoera “larria”. Eta gaztigatu dutenez, pandemiaren ondorioz “kaltetuenak adinekoak gara, ahulenak izateagatik”. Nabarmendu dutenez, Nafarroan koronabirusak jota hil direnen %80 adinduen egoitzetan hil dira. Horregatik, adinduen egoitzetan dauden pertsonekiko “errespetua eta egoitza duinak” aldarrikatu dute. 

Manifestazioko deitzaileak, bestalde, kexu agertu dira foru administrazioarekin: “Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak Maria Txibite Navascues lehendakariari eta Osasunbideko arduradunei biltzeko eskatu genien duela sei hilabete eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Errespetu falta da. Errazagoa izan da Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua Toledoko Ituneko presidentearekin biltzea hemengo ordezkari politikoekin baino”. Guztiagatik larunbateko manifestazioan parte hartzera hots egin dute. 

Koordinakundea
Bere baitan biltzen ditu Pentsionistak Martxan, Otsailak 22 plataforma eta Sasoia.