Iker Ganuza

"Gaia oso interesgarria, erakargarria eta misteriotsua da"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 30a, 13:35

Iker Ganuza ekoizlea. UTZITAKOA

Donostiako 68. Zinemaldian Sail Ofizilean lehiatu du 'Akelarre' filmak. Aurtengo edizioan Urrezko Marroskara izendatutako Euskal Herrian grabatutako eta Espainiar Estatuko ekoizpen bakarra izan da. Iker Ganuza Taberna filmaren ekoizlea da.

Akelarre filmaren hainbat eszena Urbasan grabatu zituzten. Sara Mazkiaran altsasuarra zuzendari laguntzailea izan da, eta Altsasuko figuranteek ere parte hartu zuten. Ekoizleetako bat Iker Ganuza Taberna da. Ez da Sakanan bizi, baina Sakanarekiko harreman zuzena du: bere ama Helena Taberna zinemagile altsasuarra da, eta bere emaztea Ziordikoa dela esan du. "Etxean" grabatu zuen, beraz, Akelarre. Filma Donostiako Zinemaldiko Sail Orokorrean lehiatu da, baina, azkenean, Beginning film georgiarrak irabazi du Urrezko Maskorra. Ostiralean, urriaren 2an, zinema aretoetara iritsiko da.

Filmaren izenburuak berak, 'Akelarre', sorginei eta sorginkeriari buruzko film bat dela adierazten du, baina zer kontatzen du filmak?
Akelarre filma Pierre de Lancre epailearen Tratado de la inconstancia de los malos angeles y demonios liburuan oinarrituta dago. 1.609. urtean argitaratutako liburua da eta kontatzen du epaile honek ustez sorginak ziren neskekin izandako esperientziak: nesken konfesioak idatzi zituen. Pablo Aguero zuzendaria liburuan oinarritu da bere interpretazioa eta bere istorioa sortzeko. Istorioa nesken, sorginen, ikuspuntutik kontatutako dago.

Sorginen gaiari beste interpretazio bat ematen dio?
Hori da. Ikuspuntu nahiko modernoa eta aktuala ematen dio. Neskek ez dakit zer gertatzen ari den, bat-batean atxilotzen dituzte, epaileak galdera arraroak egiten die… Bizirik mantentzeko egin behar dutena kontatzen du.

Nola sortu zitzaizun parte hartzeko aukera? Zer gustatu zitzaizun film honetatik?
Gaia eta istorioa. Pierre de Lancrecen istorioa betidanik gustatu izan zait. Duela 10 urte inguru amarekin antzeko proiektu bat garatu genuen. Liburua irakurri genuen, gustatu zitzaigun eta gidoi baten lehenengo bertsioa idatzi genuen. Baina momentu horretan horrelako proiektu handi baterako oso zaila zen finantzaketa lortzea eta itxoin genuen. Beste gauza batzuk egin genituen: Berri Ona, Nagore eta beste zenbait film. Duela hiru urte, Donostian, Jose Luiz Rebordinosek Pablori nire eta Koldo Zuazoren, beste produktorearen, kontaktua eman zion; biok elkartu ginen eta saiatu behar ginela esan genuen. Dirua bilatzen hasi ginen, finantzaketa lortzen eta nahiko ondo joan zen. Gidoia asko gustatu zitzaigun, gaia gustatzen zitzaigun, eta elkarrekin hasi ginen lanean. Orain arte.

Zergatik gustatzen zaizu sorginen inguruko gaia?
Niretzat historia aldetik gaia oso interesgarria, erakargarria eta misteriotsua da. Baita publikoarentzat ere. Toti Martinez de Lezearen irakurle guztiei, adibidez, gaia gustatzen zaie. Beti nahi izan dugu jakin benetan zer gertatu zen. Nondik sortu zen fantasiazko iruditegi hori eta erlijioak nola eragiten zuen. Zer gertatu zen emakume horiekin. Nola iritsi ziren puntu horretaraino, suan ehunka emakume erre zituztela. Beti interesa eta kuriositatea izan dut. Beste alde batetik, egin daitezkeen irakurketak nahiko aktualak dira. Gaur egungo ikuspuntutik ikusi ahal da filma.

Mezu feminista helarazten omen du.
Esan daiteke baietz. Zerbait naturala da. Nesken ikuspuntutik kontatuta dago eta neskek mugitzen dute istorioa. Atxilotzen dituzte eta haiek pentsatu behar dute bizirauteko zer egin behar duten. Borroka bat da. Neska horien edo herriaren eta epailearen eta bere taldearen kontra. Orduan, epaileak gizonak dira, helduak, eta neskak gazteak dira. Borroka horren irakurketa nahiko feminista da.

Filmetan eta iruditegi kolektiboan agertzen diren sorginak gaiztoak, zaharrak eta itsusiak dira. 'Akelarre' filmekoek beste irudi bat ematen dute, ezta?
Filme honek salatzen duena da neska hauek ez zirela sorginak, edo, hobe esanda, imajinarioan sorginei buruz dugun ideia horretakoak. Haiek haien bizitza zuten, basoetan abesten, dantzatzen eta festak egiten zituzten eta abar. Eta orduan etorri ziren batzuk esaten festa horiek deabruaren erritualak zirela… Ideia hori sartzen ari ziren. Film honek sorginkeriaren iruditegiaren sormena planteatzen du. Nondik sortu zen? Herriaren iruditegitik? Ipuinetatik? Edo inkisidoreen edo erlijiodunen ideietatik?


'Akelarre' filmaren une bat. DAVID HERRANZ

Kontatzeko beharra zegoen?
Liburuetan eta beste film batzuetan kontatu izan dute. Euskal Herriko istorioetan eta historia oso sartuta eta errotuta dago. Pabloren ispiluarekin eta narratzeko moduarekin zerbait berria eskaintzen du proposamenak.

Aipatu duzu neska horiek dantzatzen eta abesten dutela. Dantza eta musika garrantzitsuak dira?
Oso garrantzitsuak. Bai sinbolikoki bai errealitatean izan zirelako ere. Epaileari eta bere taldeari harritzen dien elementu bat da. Neskek dantzatzen eta abesten dute eta ez zaie batere gustatzen. Izateko modu arraroa iruditzen zaie eta deabruarekin lotzen dute. Nesken askatasuna eta poza dantzaren eta musikaren bidez adierazten da. Dantzak Myriam Perez koreografoarekin prestatu ditugu eta oso landuak daude. Inprobisatuak direla dirudi, baina oso landuak daude. Musika Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja musikariek egin dute, Jon Maiaren letrekin.

Herri abestiak edo mantra antzekoak dirudite. Betidanik herrietan abestu izan balira bezala.
Hori da. Urte bat daramatzat abesten, txistukatzen eta kanta-marmarreatzen. Herrikoiak dirudite, baina oso indartsuak dira. Akelarrearen abestia sekulakoa da. Festa edo erokeria handi bat bezalakoa da.

GRABAZIOA
Nolakoa izan da prozesua?
Proiektu luzea izan da. Guztiak bezala. Batzuetan zaila izan da, eta beste batzuetan errazagoa. Proiektu handia izan da, eta aurrekontua ere handia izan da. Baina asko gustatu zait. Koldorekin eta Pablorekin lan egitea… Lehenengo gauza, film guztiekin bezala, finantzaketa eta banatzaileak lortzea izan zen. Dirua mahai gainean dagoenean filma prestatzen hasi behar da, eta lehenengo gauza casting-a izan zen. Txabe Atxak eta Flor Gonzalezek izugarrizko lana egin zuten. Oso casting luzea eta konplexua izan zen. 900 neska inguru ikusi genituen. Zuzendariak neska ez profesionalak nahi zituen, espontaneoak. Euskal Herri osotik aritu ginen neskak bilatzen. Urte bateko prozesua izan zen.

Helburua lortu zenuten?
Lan handia izan zen, eta oso pozik gaude. Sei neskek oso ondo egiten dute. Momentu berean lokalizazioak bilatzen aritu ginen. Amildegi ikaragarri bat nahi genuen, eta ez genuen topatzen. Azkenean, Urbasako Ubabako amildegia, Pilatosko balkoia, erabili genuen. Modu digitalean itsasoa jarri diogu. Lekua ezagutzen dutenek ezagutu dute.


Filmaren zenbait eszena Urbasan grabatu zituzten. DAVID HERRANZ

Beste erronka bat hizkuntzak izan dira: euskaraz eta gaztelaniaz grabatuta dago.
Neskek hitz egiten dutenean, beraien artean, euskaraz egiten dute. Erronka izan zen zuzendariak ez dakielako euskaraz eta casting-eko neskak euskaldunak izan behar zirelako. Gidoia lantzea ere oso zaila izan zen hasiera batean neskek ez zutelako gaztelania hitz egiten jakin beharko. Azkenean, aldatu genuen bestela oso konplikatua izan behar zelako. Entseguetan ere neskak Euskal Herriko hainbat herritakoak direnez, bakoitzak bere euskalkia zuen, eta naturalki hitz egiteko, inprobisatzen arituko balira bezala, zuzendariak eskatzen zuena, oso zaila zen bakoitzak bere euskalkia erabiltzen zuelako eta batuaz hitz egiten bazuten, naturaltasuna galtzen zutelako. Erronka handia izan zen.

ZINEMALDIA
Ikusmin handia sortu du Donostiako jaialdian. Zer sentitzen duzue?
Poz handia. Ni oso pozik nago Zinemaldian parte hartzeagatik. Niretzako eta filmerako sari handia da. Bertan aurkeztu ahal izatea nire eta gure ametsa zen. Jendeak Donostian ikusi nahi duela ikusi ahal izan dugu; sarrerak 15 minututan bukatu ziren, eta film eskatuenetarikoa izan da. Urduritasun pixka bat ere sentitzen dugu publikoak eta kritikak nola hartu duten jakiteagatik. Euskal Herrian gustukoa izango dela uste dute.


'Akelarre' filmaren zuzendaria eta ekoizleak Zinemaldiaren aurkezpenean. JORGE FUEMBUENA

Horrelako harrera espero zenuten?
Sail Ofizialeko eta lehiatu duen film bat denez, Euskal Herrian egina, interes handia sortzen du, eta jendeak ikusi nahi du. Normala da. Ez da harrigarria, baina pozten gaitu. Donostian egoteaz eta Sail Ofizialean egoteak asko pozten gaitu. Sare sozialetan eta hedabideetan interes handia sortu du, eta hori gustatzen zaigu. Zinema aretoetan estreinatzen denean, urriaren 2an, jendea animatzea espero dugu.

Euskal Herrian harrera ona izango duela uste duzu, baina nazioartera begiratuta?
Gaia unibertsala da. Sorgin ehizak Europa osoan egon ziren XVII. mendean. Baita Amerikan ere. Orduan, gaia liburu eta film askotan ikusi da. Filma munduko beste herrialde batzuetara salduta dago, beraz, interesa sortu du. Estatuan ere interes handia sortuko duela uste dut, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu duelako, eta Espainiako bakarra delako. Espainiako zinemarako erakargarria eta nabarmena da.

Egoera arraro batean gaude. Nola ari zarete bizitzen zinemaren munduan?
Beldurra daukagu, eta handia. Pandemiarekin egoera ez da egokiena eta zinematara jende gutxiago joaten da. Gu urduri egon gara eta estreinatu edo ez debatitzen aritu gara. Heldu den urtera arte itxoitea pentsatu ere dugu. Baina Zinemaldian aurkeztea ilusioa handia da, eta gero aretoetan estreinatzea jendea kuriositatearekin eta filma ikusteko nahiarekin egongo denez, animatu gara. Arriskatu behar dugu ere, jendeak jakin dezan zinema aretoak leku seguruak direla. Bakoitzak bere eserlekua dauka eta inguruan ez da inor eseriko.

EKOIZLEA
Zergatik ekoizlea izan?
Zinemarekiko zaletasuna familiatik dator. Amarengandik bereziki, baina aitak ere asko maite du zinema. Txikitatik filmak ikusi ditut Golem zinema aretoetan. Zuzenbidea ikasi nuen, eta abokatu lana egiten nuen Madrilen. Nire espezialitatea jabetza intelektuala zen eta ekoizleentzako lan egiten nuen. Mundu hori zuzenbidearen aldetik ezagutu nuen. Ama, Helena Taberna, Extranjeras dokumentala egiten hasi zen, eta ni laguntzen hasi nintzen. Ekoizle gisa lan egiten nuen, azken finean. Urte batzuetan bi munduak tartekatzen aritu nintzen eta duela hiru edo lau urte, Acantilado filma egin genuenean, ekoizle gisa lan egitea erabaki nuen lan pila bat delako. Baina prozesua naturala izan da. Betidanik gustatu zait, baina oso zaila iruditzen zitzaidan ekoizle izatea. Oso urrun ikusten nuen. Baina dokumentalarekin hasi ginen, gero Berri Ona… eta konfiantza gehiago hartu nuen Lamiak, gure ekoiztetxeak, ibilbidea egiten zuen bitartean.

Mito ugari ditu ekoizletzak. Zein da zure lana?
Nire kasuan denetarik egiten dut. Ekoizle batek proiektuak aukeratu eta garatu egiten ditu. Ez bakarrik gidoia, baizik eta parte hartu behar duten zuzendariak, talde teknikoa, arte zuzendaria eta abar aukeratu ere. Batez ere, proiektua, gidoia eta zuzendaritza. Guztia kudeatu. Finantzaketa lortu behar du ere. Filmaren gainean zaude, grabaketan eta post-produkzioan. Zuzendariak erabaki artistikoak hartzen ditu, baina gehienetan ekoizlearen iritzia kontuan hartzen du. Filma prest dagoenean, mundura atera behar duzu.

Proiektu berriak dituzu buruan? Sorginen gaiarekin jarraitzeko asmoa duzue?
Nik ez ditut hainbeste film egiten, eta gaiaz aldatzea gustatzen zait. Agian Akelarreren bigarren zatia egin behar dugu oso arrakastatsua delako… Baina orain gaur egungo bi film prestatzen ari gara. Komedia bat prestatzen ari gara, Bilbon eta Iruñean grabatuko duguna. Felix Bizkarreta da zuzendaria. Una vida no tan simple da. COVID-19 dela eta atzeratu behar izan dugu. Helena Tabernak ere Isaac Rosaren Feliz final nobelaren adaptazioa eginen du.