Pentsio duinen aldeko aldarrikapenak ez du etenik

Guaixe 2020ko urr. 5a, 09:12

Deialdiarekin bat egitera gonbidatu du koordinakundeak.

Gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa izanen da. Irailaren 26an manifestazioa egin zuten eta Adinekoen Nazioarteko egunean, ostegunean, kontzentrazioa izan zen.

Sakanako Jubilatuen, Pentsionisten eta Adinekoen Koordinakundeak deituta, astelehen eguerdiro moduan kontzentrazioa eginen da gaur Altsasun. Mobilizazio egutegi bizia izan dute azken egunetan koordinakundeko kideek. Irailaren 26an 130 bat pertsonak pentsio duinen aldeko manifestazioan parte hartu zuten. Koordinakundeak hainbat aldarrikapen egin zituen: pentsioak Kontsumoko Prezioen Indize errealaren arabera eguneratzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, pentsioen erreformak eta jasangarritasun faktoreak bertan behera uztea, 40 urte kotizatu dituztenen jubilazioak ez zigortzea, alarguntza-pentsioa % 100ekoa izatea eta pentsio publiko eta duinak bermatuko dituen Gizarte Segurantzako Sistema Publikoa ziurtatzea. 

Eskaera horiek guztiak pentsio sistemaren erreforma aztertzen ari den Espainiako Kongresuko Toledoko Batzordeko kideei zuzendu zizkioten. Bitartean Nafarroako Gobernuari eskatzen diote pentsioak osatu ditzala, gutxieneko 1.080 eurotara irits daitezen. Aldarrikapen horiek guztiak ostegunean kalera aterako zituzten atzera ere, Adinekoen Nazioarteko Egunean.