Lastailean urteurren bikoitza ospatuko dute gazte gunean

Guaixe 2020ko urr. 2a, 14:10

Elektrokela elektrotxaranga Foru plazan.

Alde batetik, Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren 25. urteurrena eta, bestetik, Intxostiapunta gazte gunea mustu zela 10 urte bete dira.

Kartela oraindik itxi ez badute ere, Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak jakinarazi du lastailerako ekintzaz betetako programazioa prestatu dutela. Aitzakia bikoitza da zerbitzuak berak mende laurdena betetzea eta hamarkada bat gazte guneak. Urteurrenetako egitaraua musikak zabalduko du. Gazte altsasuarrez osatutako Elektrokela elektrotxarangaren emanaldia izanen da Intxostiapuntako patioan, larunbatean, 19:00etatik 21:00etara . 

Hurrengo larunbatean, hilak 10, “ospatzen ari gara” scape room jarduera izanen dute 18:30etik aurrera. Lastailaren 23an, berriz, bertso saioa izanen da 18:00etatik aurrera. Eta, azkenik, hilaren 31n, 17:30ean, aldizkaria aurkeztuko dute. Argitalpen horretan Gazteria Zerbitzuak bere ibilbidean zehar gauzatu dituen programa nabarmenenen berri jaso da. Aldizkaria egiteko gazte eta talde askoren laguntza izan dute eta elkarlanean egindako lana dela nabarmendu nahi izan dute. Iragarritako ekitaldi guztiak Intxostiapunta gazte gunean izanen dira.