Oroben bizi den dama txuria

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko urr. 5a, 13:53
'Anderea' dokumentalaren une bat. YOLI MAZKIARAN

Yoli Mazkiaranek 'Anderea' film dokumentala mustu du. Bost urtez Mari izakia kameraren bidez aztertu eta ikertu du. Filmarekin pertsonaia eta haren "oroimena" berpiztu nahi ditu, baita naturarekiko eta emakumearekiko kontzientzia piztu ere 

"Txikitatik gure aitak kontatzen zizkigun Mariren inguruko ipuinak. Txikitatik dator". Mariren ipuinak aitaren ahotik entzun ondoren, "urte dezente pasata", Yoli Mazkiaran emakumeen zirkuluetan parte hartzen hasi zen. "Badago mugimendu alternatibo bat jainkosaren kultura hori hausnartzen duena". Horrela hasi zen Mazkiaran eta Anderearen arteko harremana. Duela bost urte "pertsonaia hori edo oroimen hori" berpizteko beharra sentitu zuen, eta Anderea dokumentala egiten hasi zen. Bidea ez da erraza izan, baina azkenean film dokumentala mustu zuen, urriaren 1ean, Iruñeko Nafarroako Filmotekan. Sakanako herrietan proiektatzea aurreikusten du ere. 

"Euskaldunok altxor handia dugu, Mari Anderea, baina gaia ez da asko landu". Hortaz, Mari mitoaren inguruko hausnarketa sakonagoa egiteko Mazkiaran lanean jarri zen. "Hasieran pastoral bat egin nahi nuen eta Zuberora joan nintzen pastoralak ikastera. Baina gero pentsatu nuen dakidan tresnekin zerbait egingo nuela. Pastoralak egiteko oposizio gogorra pasa behar da". Pastorala alde batera utzi, eta dokumental bat egiten hasi zen altsasuarra. Bakarrik egin du, autofinantzaketa eta familiaren eta lagunen laguntzarekin. Bidean Mariren figuraz ikasi ez ezik, dokumentalaren lehenengo helburua, ikus-entzunezkoen munduaz ere asko ikasi duela esan du. "Zinemagintza ikasi nuen, baina editatzen, azpitituluak sartzen eta abar ikasi behar izan dut". Autofinantzatuta eta autodidakta. 

Mari 
Mari, Anderea, Anbotoko Mari, Anbotoko dama... Izen asko hartzen ditu. Mariren ipuinak eta kondairak hamaika dira Euskal Herri osoan. Mendiz mendi eguraldia aldatzeaz arduratzen dela diote, baita ekaitzak sortzen dituela ere. "Naturekiko konexioa eta emakumeen ahalduntzea eta jabetasuna" islatzen duela azaldu du Mazkiaranek. "Pertsonaia oso handia eta indartsua da". Marirekin gertatu bezala beste hainbat pertsonaia ez direla landu esan du, esaterako, Lilith jainkosa. "Antzinako mitologietan ekaitzen jainkoa gizona zen, Zeus eta Jupiter, mitologia germaniarrean ere gizona, Thor". Eta euskaldunena emakumea zen. "Feministek ez dute ikono bezala hartu eta Anderea emakume askea, boterea duena, naturaren pertsonifikazioa... Oso izaki zoragarria da; oso magikoa".


Dokumentalaren une bat. YOLI MAZKIARAN

Mariren ezaugarri nagusiak "ikuspegi naturalista, animalista eta amalurraren gurtzaren" ingurukoa dira. Gainera, "herri tradizioan egiten diren erritual pagano asko Mariren unibertsoa gogorarazten" dutela aipatu du altsasuarrak. "Neguko jaiak, neguko solstizioaren eta udaberriko ekinozioaren erdian daudenak; Kandelarioak, Santa Brijida, San Blas eta Santa Ageda, Amaluarraren emankortasuna ospatzeko; inauteriek neguari agurra ematen diote eta aro berria iragartzen dute; maiatzako makilak udaberriaren eta udaren artean...". Festa "pagano" hauek antzinako herrietan errepikatzen zirela azaldu du Mazkiaranek, esaterako, Zeltiar kulturan maiatzaren hasieran "Beltane ospatzen" dute eta makil baten inguruan dantzatzen dute. 

Jainkosak 
Beltane, Lilith, Tanit, Mari... Europan eta Munduan "aztertu gabeko" jainkosa asko daudela azaldu du Mazkiaranek. Emakumeen zirkuluetan ezagutu zituen: "Ingalaterran mugimendu alternatiboa dago eta sazerdotisak egiten dira. Ni ez nintzen hainbeste sartu, baina mugimendu horiek ezagutu nituen". Hor izan zuen Mazkiaranek jainkosekiko eta Marirekiko lehenengo ezagutza. 

Ondoren, Maria Gimbutas arkeologoaren eta antropologaren lana ezagutu zuenean piztu zitzaion, are gehiago, Mariren inguruko dokumentala egitea. Gimbutasek The Civilitation of the Goodness eta The World of Old Europe liburuetan aztertu zuenez, antzinako Europan emetasuna gurtzen zuten. "Berak esaten zuen Europako antzineko zibilizazioak ez zeudela gerran oinarrituta, baizik eta zibilizazio paradisiakoak zirela eta emetasuna gurtzen zutela". Kurganen kultura ikertu zuen Gimbutasek, eta kultura honen gainbehera indoeuropearren konkistarekin gertatu zen. "Horrela desagertu zen antzineko mundu hori eta horrela baztertu zen jainkosaren gurtza hori". Haren hipotesiak antzinako hilobiak, zeramikak eta Venus eskulturak aztertuz egin zituen. "Lan handia egin zuen, baina akademikoki alboratuta izan zen. Hala ere, herri mailan mugimendu askok hartu zuten berak esaten zuen". 

Gimbutasek "bide horretara" eraman zuen, "baita Barandiaranek, noski. Guk dakiguna Barandiarani esker da". Mariren mitoren "hausnarketa sakona" egiteko euskal mitologiaren ikerlari "jakintsuei" elkarrizketak egin dizkie Mazkiaranek. Arlo akademizistatik atera, eta "giro herrikoian eta oso gertukoan" egin ditu elkarrizketak: "Doktore tesiak hor daude, norbaitek irakurri nahi baditu hor daude. Nik nahi nuen ulergarria izatea". Toti Martinez de Lezea, Felix Guerenabarrena, Juan Ignazio Hartsuaga, Claude Labat, Ixabel Millet, Josu Naberan, Guillermo Piquero, Peio Zabala, Enrike Zelaia eta Jose Ramon Zubilemendi elkarrizketatu ditu, pertsonaren arabera euskaraz edo gaztelaniaz, baita frantsesez ere. 

Natura magikoa 
Anderearen figuran adituei egindako elkarrizketak "leku zoragarrien" irudiekin tartekatzen dira, "giro magikoa" sortuz. "Zoragarria izan da leku horietan grabatzea. Denbora asko egon zaitezke leku horietan. Energia berezi batek lagundu gaitu". Esaterako, Sanpedrozelain, Orobe kobazuloan, Erkudengo ermitan, Urbasan, Aralarren, Mikel Donea santutegian, Txindokin, Arantzazun, Anboton, Murumendiko kobazuloan, San Juan Xarren eta abarren grabatu du. "Bi kamerekin eta tripodeekin mendia igotzea tokatu zait". Baina naturan grabatzea Mazkiaranendako "lehentasunezkoa" zen. "Eguraldi txarra egiten bazuen etxe barruan egiten genuen, Toti Martinez de Lezearekin edo Guillermo Piquerorekin gertatu bezala". 


Dokumentala grabatzen. YOLI MAZKIARAN

Modu "intuitiboan" egin du dokumentala. "Leku batek bestera eramaten ninduen". Ideia nagusia idatzi zuen, gehien bat dirulaguntzak bilatzen hasteko, baina "prozesuan ari nintzela hasiko nintzela pentsatu nuen, bestela egin gabe geratuko zen". Filmean agertzen direnak "ezer kobratu" gabe parte hartu dute, "eta denek zerbait eman didate. Deitu dudan jende guztia etorri da". Laguntza etortzen zela azaldu du Mazkiaranek. "Teknikoki bai bakarrik egon naizela. Handik hona kamerekin ibiltzeko ilobari, bikotekideari esaten nien; familiari". Izan ere, Mazkiaranek dokumentala autofinantzatu du. "Jendea zoragarria izan da nirekin". 

"Altsasun asko lagundu didate, eta Altsasuko presentzia handia da". Enrike Zelaiari "eskertu" nahi dio bost urte hauetan emandako indarra. "Bidea zaila izan da. Dirulaguntza bat eskatu eta ezetz". Zelaiak "zerbait historikoa" zela esaten zion, eta aurrera egin behar zuela. "Bidean batzuetan animoa ez da onena, eta Enrikek badauka indar berezi hori energia txute bat zen". Zerbait historikoa egiten ari zen. 

Harrapaezina 
"Zer ikasi dudan? Mari Anderea modan dago, eta agian hasieran neukan izakiaren irudi idealizatuta: ematasuna, amatasuna, bizitza sortzen du... baina Anderea ez da ama ohikoa. Ona egin dezakeen moduan, gaiztoa izan daiteke". Misteriotsua izaten jarraitzen duela esan du Mazkiaranek. "Hori da daukan gauzarik politena. Ezin duzu harrapatu. Aske jarraitzen du". Interpretazio asko eduki ditzake: "Amalurra da, baina gauza askoz gehiago ere". Inkonszientean dagoen zerbait dela da gaineratu du. "Anderearen figura oso boteretsua izan da gure kulturan". 

Mariren inguruko interpretazio guztiak azaleratu ditu Mazkiaranek Anderea dokumentalean. Bere helburua "Anderearen oroimena berpiztu eta, agian, eztabaidak sortzea da". Bide batez, "ekofeminismoa aldarrikatu" nahi duela gaineratu du. "Baita filmarekin gozatzea ere. Ongi pasatzea eta pentsarazatea". Anderea doku- mentala atzo mustu zuen Iruñean. Gaztelaniazko bertsioa proiektatu zuten. Altsasuko Iortia kultur gunean bi bertsioen emanaldiak eman nahi ditu, baita parte hartu dutenak gonbidatu ere. Behin mustu ondoren momentuz "lasaituko" dela esan du Mazkiaranek, baina aurrera begira gai "oso oparoa" dela eta antropologia ikasteko gogoak dituela aitortu du. "Erretiratzen naizenean antropologia ikasiko dut. Herri indigenen jakinduria eta abar". 

Mariren radiografia zehatza egin du Mazkiaranek Anderea dokumentealean; hortaz, mitoaren bilakaera historikoa, naturaren eta fenomeno naturalen pertsonifikazioa, nekazaritza eta ama lurraren gurtza eta beste kulturarekiko antzekotasunak, ospakizun "paga- noak" ziklo naturalak ospatze- ko, jainko indoeuropearrak, Amaren gurtza, kristautasunaren eragina eta emakumezkoen nagusitasuna. Hori guztia 76 minututan. "Ikusi duen jendeak ongi dagoela esan dit, azkar pasatu zaiela". 

Erlazionatuak