Euskara erdigunera!

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Pelaez, June Bengoetxea, Maialen Begiristain eta Haizea Ramirez de Alda (Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz) 2020ko urr. 9a, 08:55

Euskal Herria hasi da dagoeneneko Euskaraldirako motorrak berotzen. Beste behin ere, aukera paregabea izango dugu duela bi urte hartu genuen euskararen aldeko konpromisoari segida eman edo horretan sakontzeko. Euskal Herrian Euskarazek urteak daramatza norbanako zein kolektiboetan eragiten, ahobizi zein belarripresten rolak lantzen eta ariguneen moduko arnasguneak sortzen. Bide horretan, altsasuarrak euskararen aldeko konpromisoak hartzera gonbidatu nahi ditugu. Baina gaurkoan, Udalari dei egin nahi diogu batez ere. 

Orain dela bi urte Altsasuko Udalak Euskaraldiarekin bat egin eta herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin zien. Dena den, udalean euskaldunak 2.mailako herritar sentitzen gara. Azkenaldian, euskararen esparruan aurrerapausoak ematetik urrun, atzerapausoak eman eta orain arte errespetatzen ziren hainbat hizkuntza eskubide ez errespetatzen hasi da. Hori da, hori, marka! Alarma egoeran egon ginen hilabeteetan osasun jarraibideak jasotzen zituen informazio panel bat jarri zuten udaletxean. Panel horretan gaztelaniari ematen zitzaion lehentasuna; azken egunetan basoan zein mendian hainbat kartel ikusi ditugu, baso lanez ohartaraziz nahiz ez aparkatzeko eskatuz. Denetan gaztelaniak zuen lehentasuna eta, gainera, euskarazko oharrek akats mordoa ageri zuten; udalaren webgunean sartuta, hainbat dokumentu gaztelania hutsez daude. Hiru adibide baino ez dira. 

Altsasuko Udalean euskararen erabilera arautzen duen ordenantzak honakoa dio 41.artikuluan: "Altsasuko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu (elebitasun normalizatzailea baliatuko du, hau da, euskara lehenesten duen elebitasuna) herritar guztiei zuzentzen zaienean". 42.artikuluan esaten du elebitan izanen direla (elebitasun normalizatzailea) euskarri tradizionalean zein teknologia berrien bitartez zabaldutako kartelak eta informazio plakak. Udala, beraz, bere hitza jaten ari da. 

Pasa den astean, bando baten bidez, Euskaraldian parte hartzera animatu gintuen udalak. Guk adierazpen bat egin edota argazki bat ateratzetik harago, euskararen aldeko jarrera erakuts dezan eskatzen diogu. Hitzetatik ekintzetara pasa eta euskararen ordenantza betetzea exijitzen diogu. Ea Altsasuko Udalak ere euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzen duen. Euskara erdigunera!