Beikolarko auzokideak etorkizunarekin kezkatuta

Guaixe 2020ko urr. 12a, 13:00

Beikolarko bi etxe.

Epai batek udalak auzoa urbanizatzera behartu du eta kooperazio sistema ezarria dagoenez, lur jabeak, udala barne, ordaindu beharko dituzte lanak. Auzokideek Baikolar Bizirik plataforma sortu dute.

Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia finkoa da eta ez dago helegiterik jartzerik. Epaiak udala behartu zuen bizitegi erabilera izanik, Beikolarrerako hirigintza Plan Berezia egitera. Hau da, auzo hori urbanizatu egin behar da. Udal arkitektoak egindako aurreneko memorian egun dauden etxebizitzen antzekoak aurreikusten dira, beheko solairua eta altuera bat duten etxebizitzak.   

Beikolarreko hirigintza unitateak 35.638 metro karratu ditu eta urbanizatzeko dirutza beharko dela aurreikusten da. Hirigintza planean jasotzen denez kooperazio sistema dago indarrean eta lur jabeen artean pagatu beharko lirateke urbanizazio lanak. Duten azaleraren arabera eginen lukete ordainketa jabeek. Lur jabeen artean dago udala eta, gainontzeko lur jabeek bezala, bere partea ordaindu beharko luke.

Plataforma 
Auzotar talde bat Baikolar Bizirik plataforman bildu da, “auzoak bizi duen egoera bidegabea salatzeko helburuz”. Gaineratu dutenez, “injustizia” bizi dute. Plataformako kideek salatu dutenez, “makroproiektu baten aurrean gaude, eta ez da bideragarritasun planik aurkeztu, ez ingurumenekoa, ez bizigarritasunekoa, ezta ekonomikoa ere”.

Plataformatik azaldu dutenez, auzoa urbanizatzeko bi aukera leudeke. Aurrena, etxe guztiak botatzea eta ondoren urbanizazioa egitea eta, atzena, egun dauden etxebizitzak kontsolidatzea eta jabeek lursailaren zati bati uko egitea. Plataforman antolatu diren auzotarrek azaldu dutenez, “bi aukeretako edozeini aurre egitea ezinezkoa da familiendako, ekonomia gastu handia ekarriko lieke”. Aitortu dutenez, gaiak auzoan “kezka zabaldu du”. Altsasuarrak Beikolar eta bere ingurua babestera deitu dituzte. “Familia gutxi gara eta oso zaurgarri sentitzen gara”. 

Auzokideak ez daude udalaren jarrerarekin gustura: “jokaera iheskorra izaten ari da. Proiektuaren inguruko datu konkreturik ezta informazio zehatzik ez du eman. Kopururik ere ez dugu jaso. Ezjakintasun honek ziurgabetasun eta babesgabetasun egoera batean uzten gaitu”. Baikolar Bizirik taldeko kideek alkatearen eta udal arkitektoaren jarrera salatu dituzte: “banakako hainbat bileretara deitu gaituzte, alkatearekin eta arkitektoarekin, eta horietan alkatea ez da agertu. Gainera, udal arkitektoak ez du zalantzarik argitu, jarrera oldarkorra eta enpatiarik gabekoa azalduz”. Gaineratu duenez, udal arkitektoak “teknikoa eta edonorendako ulergaitza den hizkuntza erabili du. Askotan alkatearengana bideratzen gaitu, baina honek ez gaitu hartu nahi”. Horregatik, diote: “halako jarrerak onartezinak dira edozein kargu publikoarengandik”. 

Beikolar auzo atzean, hara daraman kaletik.

Udala 

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek kontziente da “epaiak dakartzan gorabeherez eta kezkez”. Aldi berean, gogorarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia irmoa dela eta “nahiz eta juridikoki ados ez egon, nahitaez bete behar da. Epaitegiak berak udalari hainbat alditan planaren izapidearen egoerari buruzko informazioa eskatu dio”. Beikolarrerako plan berezia onartu ondoren joan den urteko irailean parte hartze plana martxan jarri zela gogorazi du alkateak: “ni, idazkaria eta udal arkitekto aholkularia egon ginen. Arkitektoa da Plan Berezia idazteaz arduratu dena. Bileran parte hartzeko deia egin genien eragindako jabeei”. 

Alkateak azaldu duenez, orduz geroztik arkitektoak bakarkako bilerak izan ditu Beikolarreko jabe bakoitzarekin. Bilera horietan “kasu bakoitza aztertu da eta Plan Berezi berrian ‘sartzeko’ aukerak aztertu. Jabeen eta arkitektoaren arteko bilerak egin dira irailean, atzera ere”. Ollok azaldu duenez, orain jabe bakoitzari gutun bat bidaliko dio udalak. Idatzian urbanizazioa egiteko dauden alternatibak azalduko zaizkie eta jabeek, nahi izanez gero, haiendako egingarriena zein den esan dezakete. “Epaia betetzeko, ondoren etorriko dira Plan Bereziaren hasierako onarpena, jendaurrean jartzeko fasea eta behin betiko onarpena”. Alkateak gaineratu duenez, “Plan Berezia idazteko eta onartzeko hasierako fasean gaudenez, zaila da ekonomia kalkulu zehatzak egitea, baina hori posible denean, jabe bakoitzari jakinaraziko zaio”.

Ollok gaineratu duenez, “epaia Hirigintza Plan Nagusi baten eta hura interpretatzen duten ebazpen judizialen isla da, eta arazo ugari eragin ditu herrian azken 18 urteetan. Horregatik, Udala parte hartzeko prozedura bukatu duen Hirigintza Plan Nagusi berria idazten ari da, eta laster ‘lurraldearen estrategia eta okupazio-eredua’ dokumentua onartu eta jendaurrean jarriko du”.

Kronologia 
2002 Altsasuko Udalak onartutako Hirigintza Plan Nagusiak Beikolar auzoko lurrak hiri-lur kontsolidatu gisa definitu zituen. Erabilera Plan Berezi baten bidez zehaztu behar zen. Auzokideetako batek Plan Berezia onartzea eskatu zion udalari. Epaitegira jo zuen. 
2008-03-26 Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak udala Plan Berezia eta Birpartzelazio Proiektua egitera kondenatu zuen.  
2012-05-02 Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko epaia berretsi zuen. 
2015-05-22 Altsasuko Udalak inguru horren nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabilera finkatu zuen. Auzokide batek helegitea aurkeztu zion udalaren erabakiari. 
2017-03-15  Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak auzokideari arrazoia eman zion eta ebatzi zuen Beikolarrek bizitegi-erabilera izan behar duela eta hori jasotzen duen Plan Berezia egin behar duela; 2002ko Hirigintza Planean, dagoeneko, hiri-lur kontsolidatu gisa hartu zelako. Epaitegiak ez zuen udalaren kasazio-helegitea onartu eta epaia irmoa da. 
2019-07-31 Udalak aho batez Beikolar urbanizatzea erabaki zuen. 
2019-09-24 Beikolar Plan Bereziaren edukiak aurkeztu ziren Iortia kultur gunean.