Gaztetxearen hiru hamarkadak ospatu dituzte

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko urr. 13a, 11:27
Etxajua leherraraziz hasi ziren ospakizunak.

Altsasuko gaztetxeak 30 urte bete zituen hilaren 5ean. Hiru hamarkadak ospatzeko Altsasuko Gazte Asanbladak egitaraua prestatu du aste honetarako. COVID-19 gaitzak baldintzatuta prestatu dute egitaraua

Euskal Herrian dauden gaztetxe zaharrenetako bat da Altsasukoa. Asabladako kideek adierazi digutenez, “poztekoa da zerrenda horretan egotea”. Izan ere, horrek gazte asanbladan eta gaztetxean bertan belaunaldi aldaketak izan direla esan nahi du. “Urtemuga iristean pentsatzea zenbat belaunaldi pasa diren hemendik, zer nolako ekimenak prestatu diren, azken finean, zer den gaztetxea, zer den gazte asanblada, zergatik eman zen okupazioa… Hori guztia birgogoratzeak etorkizunerako indarra ematen dizu”. 

Kideek jakinarazi digutenez, “gazte asanblada hazi egin da. Geroz eta kide gehiago gaude lanean. Kuadrilla pare bat eta beste gazte batzuk nahiko gogotsu sartu dira”. Beraz, Altsasuko Gazte Asanblada osasuntsu dagoela diote. Hala ere, “herriko gazte gehiago animatzen ditugu bertan parte hartzera, lanera sartzera”. Kideek aitortu dutenez, “COVID-19aren kontuarekin ezin da gauza handirik egin, baina gazte asanbladan borrokarako, herria eraikitzeko gogo horiek daude”. 

Pandemiak ere eragin dio gazte asanbladaren jardunari. Konfinamendu garaian gaztetxea itxita egon zen. Garai hartan sortu zuten Elkartasun Sarea. “Bilera telematiko batzuk izan genituen. Boluntario asko animatu ziren eta erosketak egiten lagundu zuten”. Alde Zaharreko festak antolatzeko bilera telematikoren bat izan bazuten ere, “gure ideia eta nahia gaztetxera bueltatzea zen. Ateak irekitzea. Bizirik mantendu beharko dugu etxea”. Horregatik, ahal den neurrian, “betiko martxa hartzen saiatzen ari gara. Pixka bat kostatzen ari da”. Asteazkenero asanbladak eta ostiralero pintxopoteak egiten dituzte. Eta “ahal den moduan, urteurren ospakizuna”. 

Gaineratu dutenez, “COVID-19k ekarri dituen ondorio sozial, ekonomiko, politikoak eta denak asetzeko espazio bat beharrezkoa da. Eta gatazka edo borroka hori landuko duten espazioak ere beharrezkoak dira”. Dagoeneko urteko plangintza egiten hasiak dira gazte asanbladako kideak. Hainbat tailer antolatzea pentsatu dute, “gaztetxeari bizi gehiago emateko. Ez delako soilik parranda gunea, edo pintxopoterako gunea. Baizik eta gazteon espazio bat, guztion artean kudeatu beharko duguna. Gauza politak eta alternatiboak atera daitezke hortik”. 

Izan ere, gazte asanbladako kideen iritziz, gaztetxea “ez da bakarrik zer gauza egiten dituzun. Baizik eta zer ekarpen egiten dizun. Gaztetxeak baditu helburu batzuk. Zerbaitegatik sartzen zara. Badaukazu mundua aldatzeko grina, edo borrokarako puntu bat. Asko ematen dizu. Ekimen pila egiten dira. Hainbat belaunaldi ezagutzen dituzu. Harremanetarako beste espazio alternatibo bat da”. 

Egitaraua 
Urteurreneko ospakizunak txupinarekin eta bertso-auzatearekin hasi ziren hilaren 5ean. Joan den urtean gaztetxea morez margotu zuten eta zenbait mural egin gabe utzi zituzten. Hilaren 6an aurrekoan ate ondoko paretan murala margotu zuten. Astezkenero moduan, asteroko asanblada izan zen gaztetxean hilaren 7an eta hurrengo egunean gaztetxetik pasa diren belaunaldien arteko mahai-ingurua izan zen. Hizlariek bakoitzaren garaiko dinamiken eta beraien bizipenen berri eman zuten. “Belaunaldi bakoitzaren lana ikusi zen”  Despeditzeko,  pintxopotea eta argazki erakusketa izan ziren joan den ostiralean. 

Asanbladako kideek esan dutenez, “penaz gaude. Aurtengo egitarauak oso potentea izan behar zuen. Ideia oso politak genituen. COVID-19agatik ezin ditugu urteroko kaldereteak egin. Baina, beno, beste urte baterako utzi beharko dugu”. 

 

Bertso musikatua
Mundu zaharra kiskali eta errautsetatik 
mundu berria eraikitzeko grina duen sua gara. 

Zapaltzaileen aurka guda argitzen doan txinparta gara, 
milaka kolorez, hamaika borroka elikatuz taupada. 

Antolakuntza da bide, autogestioa norabide ta 
iparrerantz doan hauspoa gara. 

Baina ez gara helduko bidera ez bagara elkartzen
ezpalak batera, okupazioaren defentsan boterea gurea. 

Iraganeko izar gorriak eta gure arbasoen memoria 
bero mantenduko dituzten supilak gara. 

Eta etorkizuneko mundu gorrirantz emango ditugu 
urratsak herrian, etxe hutsen birjabetzan txingarren izpiak. 

Gure suaren kea soilik ikusten dutenak badira, 
sua itzali nahi dutenak ere. Baina gu, 
txinpartak, ezpalak, supilak, hauspoak eta txingarrak
bizirik diraugu. 1990ean piztutako suak egun piztua
darrai, ez gara errauts bilakatu. Su honetatik
kanpo dena hotz, dena ilun. Izan gaitezen txinparta, izan gaitezen ezpala 
supil, txingor eta hauspo. Guztien indarrez harrotu
dezagun sugarra.