Nagore Gonzalez Claver

"Irudi horiek oso garrantzitsuak dira niretako"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko urr. 12a, 13:36
Nagore Gonzalez Claver Gozamenez lehiaketaren bozken bidezko irabazlea. UTZITAKOA

Nagore Gonzalez Claverrek Altsasuko Gazteria zerbitzuak antolatutako Gozamenez film laburren lehiaktearen bozken bidezko saria irabazi du 'Summer vibes' filmarekin. 

Argazkilaritza gustatzen zaio eta argazkiekin bideoak egiten ditu. 

1. Zergatik aurkeztu zinen film laburren lehiaketara?
Hasieran lagunak aurkeztu ziren eta izena ematera animatu ninduten. Bideoak egiten hasi nintzen, irudiak eta bideoak bilatzen, eta hilabete bat edo pasa zenean Intxostiapuntatik deitu zidaten bideoa bidaltzeko. Gero bozketa ireki zuten. Instagrametik niri pertsona gehiagok eman zidan bozka eta horregatik irabazi nuen.

2. Espero zenuen?
Bai eta ez. Bai, nire ama eta biok hasi ginelako jendeari bozkatzeko eskatuz mezuak bidaltzen, eta ez, beste bideoak oso onak zirelako ere.

3. Nola izan zen sari banaketa?
Gala ospatu arte irabazleen izenak sekretua zen. Urriaren 2an egin zen Intxostiapuntan. Bideo guztiak ikusi genituen nortzuk irabazi genuen esaten hasi ziren. Hiru sari zeuden: taldekakoa, epailearen banakakoa eta bozken bidezkoa. Pixka bat urduri joan nintzen. Lehenengoa esan zuten eta Milakolore elkarteak jaso zuen taldekako saria, gero banakakoan nire lagun batek irabazi zuen, Cristina Mirceak, eta gero nire izena esan zutenean lotsagorritu nintzen. Esperientzia polita izan zen.

4. Zer kontatzen du zure bideoak?
Momentuko gauzetaz eta paisaietaz disfrutatu behar dela. Baita pertsonetaz ere. Ez dakizu leku horietara itzuliko zaren edo ez, eta horregatik momentuez disfrutatu behar da. Bakea eta lasaitasuna transmititu nahi nuen.

5. Zertan inspiratu zinen?
Lehiaketatik galdera bat esan ziguten: "Nola gozatzen eta disfrutatzen duzu?". Horri erantzun behar genion. Galdera horrekin irudi asko etorri zitzaizkidan burura. Aurten ezin izan dugunez bidaiatu, aurreko urtetan egon ginen Irunberriko arroilan, hondartzan eta abar eta bideoa bertan egindako irudiekin eta bideoekin osatu nuen. Irudi horiek oso garrantzitsuak dira. Leku horiek lasaitasun handia ematen digute eta hori adierazi nahi nuen.

6. Bideoak egitea gustatzen zaizu?
Argazkiak egitea gustatzen zait gehiago. Baina niretako, ez ditut erakusten. Argazki horiekin bideoak egiten ditut. Telefonoaren aplikazio batekin egiten ditut: argazkiak, bideoak eta audioak sartzen ditut. Bideo hau egiteko ere horrela hasi nintzen, aurreko urteko irudiak jartzen eta gero aurtengo beste batzuk, Urbasakoak eta abar. Txirrindula talde batekin larunbatetan leku desberdinetara joaten naiz eta argazkiak egiten ditut paisaiak gustatzen zaizkidalako. Horiek erabili ditut ere, oso ongi etorri zaizkit.

7. Etorkizunean argazkilaritzarekin zerikusirik duen zerbait ikasiko duzu?
Aurreko urtera arte edo duela bi urtera arte, gutxi gorabehera, argazkilaritza egin nahi nuen, argazkilaria izan nahi nuen, baina orduan sartu zitzaidan buruan abokatua izan nahi nuela eta seguruenik Zuzenbidea ikasiko dut. Argazkilaritza zaletasun bezala mantenduko dut.

8. Argazkilaritza ikastaroren bat egin duzu?
Intxostiapuntan Kikirekin eta Olgarekin argazkilaritza ikastaro bat egin behar genuen eta hasi ginen, baina gero pandemia etorri zen eta utzi genuen. Berriz antolatzen badute izena emango dut, bai.

9. Egiten dituzun argazkiak gero berrikusten dituzu? Nonbait elkarbanatzen dituzu?
Ikustea gustatzen zait ikustean oroitzapenak etortzen zaizkidalako burura. Batzuetan hunkitzen naiz. Aurten ez naiz inora joan eta argazki horiek ikustean leku horietara itzultzea bezala izan da, eta leku horietan egotea gustatuko litzaidakeela pentsatu dut. Ez ditut inon elkarbanatzen. Lagun batek oso ongi marrazten du eta bere marrazkiak Instagram kontu batean erakusten ditu. Baina nik ez dut nire burua ikusten horrelako kontu bat egiten, nire paisaien argazkiak erakusten.

10. Lehiaketa gehiagotara aurkeztu zara?
Hau izan da lehenengo aldia. Baina agian beste batzuetara aurkeztuko naiz. Datorren urtean antolatzen badute eta argazkiak eta bideoak baditut aurkeztuko naiz berriz. Argazki lehiaketetara ez naiz aurkezten ez dudalako kamera profesional bat, argazkiak mugikorrarekin egiten ditut.

11. Zer esan dizute gurasoek eta lagunek?
Amak irabazten lagundu zidan! Bideoa egin ondoren gurasoei erakutsi nien eta oso polita zela esan zidaten. Poztu ziren. Lagunekin joan nintzen sari banaketara eta poztu ziren ere.