Bizikidetza diagnostikoa, martxan

Guaixe 2020ko urr. 20a, 10:01
Gartzia Ximenez kalea jendez beteta ferietako egun batean. Artxiboa.

Bizikidetza Planaren lehenengo urrats bezala bizikidetza diagnostikoa eginen du Altsasuko Udalak.

Herriko gizarte harremanak nolakoak diren ulertzeko eta alderdi positiboak identifikatzeko Altsasuko Udalak bizikidetza diagnostikoa eginen du. Nafarroako Gobernuaren 8.000 euroko dirulaguntza jasoko du, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiaren baitan dagoen dirulaguntza. Laguntza “memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko” jarduerak egiteko baliatu behar du udalak. 

Altsasuko Udalak Arete Activa aholkularitza enpresaren laguntza izanen du diagnosia aurrera ateratzeko. Enpresak herritarrei elkarrizketak eta “beste ekintza” batzuk egingo ditu eta horren bidez bizikidetzaren egoerari buruz dauden ikuspegiak jasoko ditu, “ahalik eta aniztasun handiena hartzen saiatu”. Altsasuko Udalak proiektuaren aurrerapenen berri emanen du. Gainera, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izanen dutela jakinarazi du. Horretarako “partaidetza bideen” berri emanen dute.