La casa de la buhardilla Altsasun kokatzen den liburuarekin hasi zen Mari Romero literaturaren munduan. Duela urte bat El pintor de sonrisas liburua kaleratu zuen. Garai horretan errefuxiatuen istorioak biltzen hasi zen. Mutiko baten istorioa ezagutu zuen arte. Bere esperientziatik abiatu da eleberria idazteko.
‘¿Por qué no nos dejáis entrar?’ liburua kaleratu berri duzu. Zertan datza?
Eleberriaren antzekoa da. Titulu horren azpian oso gogorra den errealitate bat ezkutatzen da. Azkenean, nik errefuxiatu batekin bizitako pasadizo batzuk agertzen dira. Ez da nire izena eta pertsonaiak asmatu ditut. Istorioa ere fikzioa da, baina oso errealitate gogor batetik abiatzen da. Arazoa hor dago eta ezin ditugu begiak itxi. Nik esaten dudan bezala eta liburuan ere agertzen da: galdera ez da zergatik datozen, galdera izan beharko zen zergatik ez dituzten sartzen uzten. Borroka, pertseberantzia eta itxaporenaz beteta dagoen istorioa da. Pertsonak mugen gainetik egon behar dira beti. Jokoan jartzen da pertsonen askatasuna, eta horrekin kontu handia izan behar dugu.
Errefuxiatuen inguruko istorio bat da?
Bai. Protagonista mutil gazte bat da, errefuxiatua, eta kalean ezagutzen duen neska bati bere exodoa kontatzen dio. Esan bezala, eleberrian nik bizitako zati bat agertzen da eta fikzioa den istorioarekin uztartzen da. Hala ere, errealitate hutsa izan daiteke. Bi zati ditu: kapitulu batzuetan neskarekin duen solasaldiak agertzen dira, eta beste batzuetan, Afrikatik hona etortzeko exodoa kontatzen du.
Aurreko liburua argitaratu zenuenean errefuxiatuen inguruko ipuinak idazten ari zinela esan zenuen. Ipuin hauek eleberri bihurtu dituzu?
Ez dakit ipuin hauek izango diren. Kalean edozein egunetan topatzen nituen mutikoen eta nesken inguruan idazten hasi nintzen. Bai Legazpin bai Altsasun topo egiten duzu beraiekin. Nik bat ezagutu nuen eta hasieran ez nuen harremanik berarekin, baina egun batean hizketan hasi ginen. Nik uste dirua, janaria edo laguntza baino, hitz egiteko beharra zuela. Bakarrik ikusten nuen, eta begi beltz hain tristeak… Aldi berean alaitasuna eta itxaropena transmititzen zidan. Orduan hasi nintzen etxera iristen nintzenean esperientzia horretatik idazten. Hortik liburua sortu da.
Istorio hori kontatzeko beharra zenuen?
Liburuaren helburua garbi izan dut hasieratik: pertsonak sentsibilizatzea. Orokorrean jendeak gai honen inguruan erantzun ona izaten du. Legazpiko eta Altsasuko egoera ezagutzen ditut eta egoera ona da. Baina uste dut oraindik asko dagoela egiteko. Beste helburu bat pertsona hauei leku bat ematea da. Beste modu batera ikustea. Ez dira bat-batean hemen agertu. Beraiek haien mundua dute, haien herria, eta haien faltarekin izugarri sufritzen ari diren familiak. Beste nonbait lotura handia duten leku bat existitzen da. Horregatik liburuan ere Nigeriako herritxo bati buruz hitz egiten dut. Hona datoz ezin dutelako gehiago jasan. Inork ez du bere burua arriskuan jartzen itsasoan, hain tristea bihurtzen ari den Mediterraneoan, beharrik ez badu. Hori garbi dago.
Testigantzetan bakarrik oinarritu zara?
Ez zaie sufrimenduari buruz gehiegi hitz egitea gustatzen. Beraz, telebistan ikusitako dokumentalak ikusi ditut, Nigeriari buruz dokumentatu naiz… Argazki batzuk bilatzea ere gustatzen zait, eta gero horiek deskribatzea. Istorioa gehienbat asmatutakoa da. Baina ez da erraza pasatu dutena imajinatzea. Fikzioa da, baina errealitatea izan zitekeen. Errealitatetik oso gertu dago; eskutik helduta.
Urriaren 28an Altsasun aurkeztu behar zenuen, baina atzeratzea erabaki duzu.
Atzeratzea erabaki dut, bai. Egoera ez dago ekitaldiak egiteko moduan. Gainera, Nafarroa itxi dute eta ni Legazpin bizi naizenez ezingo nuke joan. Bertan behera uzten aurreratu ginen, baina ongi egin dugu. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot liburutegiko arduradunei. Nirekin beti jarrera izugarria izan dute. Liburua Arkatz liburu-dendan salgai dago eta arduraduna ere oso ongi portatu da beti nirekin. Momentuz ez dugu aurkezpenerako data jarri.
Liburua pandemiaren erdian argitaratu zenuen.
Aleak justu konfinamenduan geundenean iritsi ziren. Pixkanaka ezagunei, familiari eta abar banatzen hasi nintzen. Jarrera oso ona dute beti nirekin. Altsasuko lehengusinekin ere ez dut kexarik. Liburua kalean dago eta saltzen ari da. Gustura nago.
Liburu solidarioa ere bada, ezta?
Aita Mari salbamenduko itsasontzirako izanen dira irabaziak. Liburu hauekin ez gara aberatsak egingo. Diru aldetik ez da asko izango. Baina haiek dauden egoeran dena datorkie ongi. Ez dut arazoa konponduko, baina dirua itsas salbamendu humanitariora bideratuko dut.
Bere lana gertutik ezagutzen duzu?
Errefuxiatuen alde lan egiten duen Hotz Legazpi taldean nago. Beraiekin kontaktua dugu eta arropa bilketa eta horrelakoak antolatzen ditugu. Jasotakoa itsasontzian Greziako kanpalekuetara eramaten dute. Aita Mariko batzuk ere pertsonalki ezagutzen ditut antolatu genuen erakusketa batera etorri zirelako.
Konfinamendua dela eta ez dela, liburua irakurtzeko momentu hoberena da, ezta?
Momentu egokiena. Irakurri duten pertsonek hori esaten didate: orain denbora gehiago pasatzen dutenez etxean erraz irakurri dutela. Gainera, gertatu zaidan gauzarik politena izan da liburua irakurri ondoren esan didatela mutil eta neska errefuxiatuak beste modu batera ikusten dituztela. Hori da niretako garrantzitsuena. Horrela bada, helburua beteta dago. Liburua irakurtzera animatzen dut jendea. Erraz irakurtzen da, ez da luzea.
Konfinamendua idazteko baliatu zenuen?
Liburu hau dagoeneko idatzita nuen eta editatzen zegoen. Baina konfinamendu garaian beste gauza batzuk idatzi nituen. Beti ari naiz trasteatzen. Baditut beste nobela bat aspalditik bukatuta. Momentuz ez dut argitaratzeko gogorik. Azken finean, liburu bat argitaratzea estresa izaten da. Euskaraz ere baditut beste pare bat erdipurdi eta orain La casa de la buhardilla-ren bigarren zatiari bueltak ematen ari naiz. Legazpin bukatzen da eta justu hor hastea pentsatu dut. Nire bizipenak haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztetasunean. Beste zati bat heldutasuna izango zen. Horretan ari naiz orain. Lehenengo liburua idatzi nuenean, idaztea ohiko gauza bat bihurtu da.
Beraz, idazteak lagundu dizu?
Beti ditugu hainbat arazo eta gauza buruan. Nik buruari buelta asko ematen dizkiot eta idazten ari naizenean bakarrik naiz liburu eta ni. Horrek laguntzen dit.