Domu Santu egunean hilerrian gehienez 413 pertsona sartu daitezke

Guaixe 2020ko urr. 27a, 10:35
Emakumezkoa eskailera gainean horma-hobia txukuntzen. Artxiboa.

Azaroaren 1ean eta 2an hilerrira bisitak egitera bakarrik joan ahal izanen da. Txukunketa lanak aurreko egunetan egin beharko dira. 1ean eta 2an ezin izanen da plataforma edo eskailerarik erabili, eta horiek ez dira guztiek erabiltzeko moduan egongo.

Pandemiak aurten baldintzatuko duen beste data seinalatu bat da Domu Santu Eguna. Altsasuko Udalak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritakoari jarraituz, hainbat jakinarazpen egin ditu. Alde batetik, azaroaren 1ean eta 2an hilerrira bisitak egitera bakarrik joan ahal izanen da. Bi egun horietan ezin izanen da hilobien txukunketa lanik egin, beraz, horretarako aurreko egunak erabili beharko dituzte altsasuarrek. Jakina, erabilera
komuneko eskailera eta plataformak eta iturriak erabiltzen direnean, horretarako dagoen gel hidroalkoholikoa erabili beharko da. Udalak jakinarazi duenez, azaroaren 1ean eta 2an hilerriko iturriak itxita egonen dira eta, beraz, ez da ura hartzeko aukerarik izanen. Eta plataformarik eta eskailerarik ere ez da erabilgarri izanen. 

Kanpo santura bisita egin nahi dutenek kontuan izan beharko dute gehienez lauko taldeetan sartu beharko direla. Elkarrekin bizi ez diren pertsonen kasuan haien artean 1,5 metroko segurtasun tartea utzi beharko dute. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea eta kontaktu pertsonalik ez izatea. Halaber, hilerriko egonaldia mugatu beharko da.

Altsasuko Udalak gaztigatu duenez, ezin izanen dira hilerrira joan COVID-19 gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonak, hala nola sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena edo dastamena galtzea, edo beste batzuk, hala nola beherakoa, eztarriko mina edo ohiz kanpoko edo arrazoi jakinik gabeko muskuluetako mina, ezta isolatuta edo koarentenan dauden pertsonak ere.

Gomendioa
Bestalde, arrisku taldeko edo talde zaurgarri bateko kide diren pertsonei Altsasuko Udalak gomendatu die azaroaren 1ean kanpo santura ez joatea eta bisita aurreko edo ondorengo egunetan egitea. Horrekin lortu nahi dena da elkarrekin bizi ez diren pertsonekin kontaktua izatea saihestea. 

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, hilerrian, gehienez, 413 pertsona egon daitezke aldi berean. Jende emaria bideratzeko udal langileek hesien edo seinaleen bidezko kontrol sistemak ezarriko dituzte, jendea hilerriko kaleetan noranzko bakar batean sartzea eta ibiltzea errazteko, ibilbidea erraztuz aglomerazioak saihesteko. Udal hilerrian egun horietan gel hidroalkoholikoak egonen dira eta nahitaez erabili behar dituzte hara sartzen direnek. Aipatutako arauak betetzen direla kontrolatuko du Udaltzaingoak.