Hogei urte inguruko gazteak dira. Guztiak aurretik beste taldeekin arituak dira, eta hamar urte inguru daramatzaten musikaren munduan. Punketik, rocketik eta power metal bezalako estiloetatik pasa direla esan dute. Azkenean, zerbait “gogorragoa” jo nahi zutela pentsatu eta duela urte bat Aritz Mendikute gitarra jolea, Asier Palomino gitarra jolea, Hodei Unamuno baxu jolea, Mikel Etxabarri bateria jolea eta Mikel Flores abeslaria elkartu ziren taldea sortzeko. Oinarrian metala dago, metal estiloa bere adierazpen osoan.
Shuar Perun eta Ecuadorren bizi den tribu bat da. Bere bereizgarririk ezagunena eta deigarriena murriztutako buruak dira. Tribu honek jarraitzen duen ohitura zahar bat da, sinbolismo handia duena. Xuar, ixarekin, aldiz, Altsasuko metal estiloko talde bat da. Aritz, Asier eta Mikel taldeko kideek azaldu dutenez, mistizismoa edo sor dezakeen beldurra ez ezik, tribu honek duen musika kultura “anitza eta handiagatik” aukeratu dute izen hori taldeari jartzeko. “Tribuko kideek beraien instrumentu propioak eraikitzen dituzte eta Perun eta Ecuadorren kultura ondare gisa izendatuta daude”. Hitz jokorako ematen du, izan ere, Sugar euskal mitologiako pertsonaia bat da. “Izenak badauka bere xarma”.
Xuar izenaren ondoena, Metal Altsasu abizenak jarri diote taldekideek. Metal estiloa “Amazonas ibaia bezalakoa” dela aipatu dute taldekideek. “Adar asko ditu”. Metal mota asko daude: Doom metal, melodic metal, black metal, death metal, power metal, post metal… Xuar taldeko kideei hardcore estiloa gustatzen zaie. “Taldekide bakoitzak musika eragin desberdina dugu, baina adar berekoak direla esan daiteke. Antzeko estiloak dira”. Beraz, nahiz eta metalaren adar desberdinetan oinarritzen diren, “nahiko gertu daude”. Pantera eta Rise of the Northstar taldeak aipatu dituzte taldekideek, groove metal eta hadcore adibideak. “Musika guztion artean egiten dugunez, bakoitzak bere estiloa ematen dio”. Barrutik ateratzen zaiena musika bihurtzen dute eta bere musika metal bezala deskribatu dute, “ez dakigulako zehazki non jarri gure musika”. Entzuleari etiketak jartzeko lana utzi diote.
Pantera taldeak “beldurra eman dezagun” esaldia esaten zuen, eta Xuarrek bere gain hartu du leloa. Horregatik, “musika gogorra” egitea gustatzen zaie. “Denborarekin estiloa aldatu dugu, eta zerbait gogorragoa egiteko elkartu ginen”. Ez dute jendea kontzertuetatik “korrikan alde egitea” nahi, baina haien musika indartsua dela aitortu dute. Letrek, gainera, “kontu asko” aipatzen dituzte: “Autoestimua, ondo egotearen beharra, bulling-a…”. Musika ona egiten dutela uste dute taldekideek.
Momentuz zortzi abesti propio sortu dituzte. “Urte bat eramateko uste dugu nahiko lan ona eta indartsua egin dugula”. Lehenengo kontzertua martxoaren 13an izan behar zuten, “hemen dugu kartela, entsegu lokalean”. Altsasuko Gaztetxean egin behar zuten aurkezpena. Baina koronabirusaren eraginez emanaldi guztiak eten egin ziren. “Hurrengo egunean alarma egoera ezarri zuten”. Indartsu hasi behar ziren, izan ere, ekainaren 6an bigarren kontzertua zuten Irurtzunen. “Ea noiz ematen diguten aukera kontzertuak egiteko”. Administrazioak kultura sustatzeko lan gehiago egin beharko lukeela uste dute.
Lehengoaren zain
Oraindik ez dituzte kontzertuak eskaintzeko datak jarri. “Gure musika ez da aulki batean eserita entzuteko modukoa”. Agertokira igotzen diren bitartean, Xuar_Altsasu Instagram kontuan entzun eta ikus daitezke Xuar-en nondik norakoak.
Pandemiagatik gelditu beharrean, gogotsu ari da Xuar taldea lanean. Garai hau entseatzeko eta musika sortzeko baliatzen ari dira. “Kontzertuak momentuz ezin ditugunez eman lan eta lan ari gara abestiak hobetzen. Ukitua ematen. Batzuetan uste duzu abesti bat bukatuta dagoela, baina bat-batean entsegu batean beste zerbait egin eta aldatzea erabakitzen dugu”. Beraz, denbora tarte hau “aurkezpen askoz hobea” egiteko lanean ari dira.
Konfinamenduan ere musika egin dute haien etxean, eta deskonfinamenduan herri batean bizitzea eskertu dute: “Madrilgo lagun batek esan zidan entsegu lokalera joateko ordu erdi behar zutela, kotxean. Gu oinez goaz eta etxe ondoan gaude. Hori luxu handia da”.