Foru plaza intxaurrondorik gabe geldituko da

Guaixe 2020ko urr. 22a, 20:44
Foru plazako intxaurrondoa haizeteak kaltetu ondoren.

Haizeteak zuhaitzaren zain nagusia hautsi du eta inoren gainean erori aurretik udalak zuhaitza botako du. Aldi berean, Foru plazan intxaurrondo berri bat landatzea aztertuko du, baita lekurik onena zein den ere.

Hilaren 20tik 21erako gauean izandako haizearen indarrak kalte larriak eta konponezinak eragin dizkio Foru plazako zuhaitzari.  Intxaurrondoek sustrai nagusia eta bigarren mailako sakoneko zainak dituzte,  azken horiek sendoak izan daitezke ere. Kasu honetan haizearen indarrak zain nagusia  erabat hautsi du. Horren erakusgarri izan da egun hauetan, haizearen eraginez, intxaurrondoak alde batera eta bestera egindako mugimenduak. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “dirudienez, plazako harlauzak eta intxaurrondoaren bigarren mailako azaleko zainek eragotzi dutela zuhaitza erortzea”. 

Intxaurrondoak altsasuarrek asko estimatzen dute.  Horregatik,  udala ez botatzeko aukerak aztertu ditu. Espezializatutako enpresa bati iritzia eskatu dio, baina zekitena baieztatu besterik ez du egin. “Enpresa honek egindako txostenak ondorioztatzen du sustrai nagusia kaltetuta dagoela eta zuhaitza berehala eror daitekeela. Udalari eskatzen dio  zuhaitza premiaz botatzeko, kalte materialak edo pertsonalak sortu aurretik”.  Beraz, Altsasuko Udalak, “plazatik pasatzen diren eta plazan gozatzen duten pertsonen segurtasunagatik  zuhaitza bota eginen du”. 

Erlazionatuak