Egoerari umorearekin aurre egiteko proposamena

Guaixe 2020ko urr. 29a, 13:19
Guillem Alba 'Calma!' ikuskizunean. GUILLEM ALBA

Iortia kultur guneak 'Umorez hobeto' zikloa aurkeztu du, Covid-19 birusak sortutako egoerari eta eguraldi txarrari "umore onarekin" aurre egiteko. Programa berezi honen barruan hiru komedia antolatu ditu: 'Calma!', 'Un poyo rojo' eta 'Maestrissimo Yllana'. 

Iortia kultur guneak COVID-19 birusak sortutako egoerari eta eguraldi txarrari umorearekin eman nahi dio buelta eta, horretarako, umorez betetako ikuskizunak antolatu ditu. Etzi, urriak 31, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean Umorez hobeto zikloari hasiera emanen dio Guillem Albà antzerkigileak Calma! ikuskizunarekin. Antzezlan honetan katalanak presaren inguruan hausnartzen du. Bera bakarrik agertzen da agertokian, eta umorearen eta poesiaren artean doa. Clown ikuskizun bat da, txontxongilo, itzalak, musika eta abarrekin uztartzen dituena. 

Azaroaren 14an, 19:30ean, Un poyo rojo antzezlana izanen da Iortia kultur gunean. Dantzaren, kirolaren eta sexualitatearen artean dagoen ikuskizun bat da. Norberaz barre egiteko gonbidapena eskaintzen du. Umorez hobeto zikloarekin amaitzeko, azaroaren 28an, 19:30ean, Yllana konpainiaren Maestrissimo antzezlana izanen da. Yllanaren sinadura duen kamera kontzertu bat izan zitekeen, edo komedia satirikoa, edo garai bateko erretratua. Barrokoa eta Neoklasizismoan aritzen diren laukote baten istorioa kontatzen du.