Gaurtik hilerria lanengatik itxita

Guaixe 2020ko aza. 2a, 10:04
Jendea hilerriko atean.

Ehorzketak edo hobitik ateratzeak egiteko zabalduko da bakarrik.

Domu Santu Eguna izan zen atzo. Eta Hilen Eguna edo Arimen Eguna gaur. Eta, hain zuen, gaur bertan itxi du kanpo santua Altsasuko Udalak. Izan ere, hilerriaren alde zaharreneko pasabideetako zoladura berritzeko lanak hasiko dira. Beraz, gaurtik eta lanak despeditu arte, hilerria jendearendako itxita egonen da. Bi kasutan bakarrik zabalduko da:  ehorzketak edo hobitik ateratzeak egiteko.

Aipatutako pasabide edo korridoreen zoladura berritzearekin batera, haietan eroritako euri ura jasotzeko eta bideratzeko lanak ere eginen dira. Horietaz Construcciones Boreste, S.A. enpresa arduratuko da. Lanen truke 35.388,64 euro jasoko ditu (BEZ kanpo). Lanak despeditu eta gero kanpo santuko korridore guztiak berrituta egonen dira, izan ere, hilerriko alde berrian antzeko lanak egin ziren 2015ean. Eta 2016an horma-hobi berriak jarri ziren. 

Bestalde, berriki, Altsasuko Udalak hilerriaren eta Otadiako Kristo Deuna ermitaren parean zegoen landare hesia kendu du. Garai batean kanpo santu pareko berdegunea landare-hesi batez inguratuta zegoen, baina Otaiko urbanizazioa egin zenean berdegunearen hiru aldeetatik landare hesia kendu zuten, jendeak berdegunea erabiltzeko. Ermitaren eta hilerriaren sarreraren parean gelditzen zen hesi zatia gelditu zen eta hura da orain kendu dena. 

Beste lan batzuk 
Burunda pilotalekuak jarduera sailkatuari buruzko araudira egokitzeko eta, hartara, irekitzeko lizentzia lortzeko lanak eman ditu Altsasuko Udalak. Instalazio honek 1954. urtetik gaur arte funtzionatu du, lizentzia hori gabe. Lanak Aguaser, Suministros y Servicios SM enpresak eginen ditu eta horien truke 71.312 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. 

Bestetik, Altsasuko Udalak Ibarrea industrialdeko saneamendu sarearen lanen bigarren eta azken zatia egiteko lanak eman ditu. Lacunza Hermanos SM enpresa izanen da lan horiek eginen dituena eta haiengatik 199.353,38 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Udalak hasierako egitasmoan aldaketa bat egin zuen eta, ondorioz, industrialde inguruko eraikinen ur beltzak ere jasoko dira: Errotatxiki, Ibarmusu eta Ameztia. Bestalde, Excavaciones y Transportes Orsa SM-ak asfaltatuko du Otadiko bidea. Lanak abenduaren 15erako despedituta egon beharko du. Eta haren truke enpresak 30.578,36 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Azkenik, joan den astean Alde Zaharreko argiteria publikoan bonbillak LED argiekin ordezkatu zituzten. Telman SL enpresak lan horiengatik 44.599,86 euro (BEZ kanpo) jaso ditu.