Maddi Urkijo Zarrantz

"Musika bizitzan oso presente izango dudala badakit"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 3a, 12:58
Maddi Urkijo Zarrantz musikari altsasuarra. UTZITAKOA

Irrati bat bezalakoa dela esaten dio aitak Maddi Urkijo Zarrantzi, izan ere, egun osoa abesten pasatzen du.

Bideoak egiten hasi zen, eta azkenean sare sozialetara igotzeko pausua eman zuen. Duela gutxi Zut aldizkari digitalean atera zen.

1. Nondik datorkizu musika zaletasuna?
Txikitatik abesten dut. Betidanik. Lehengusua gitarra jotzen hasi zen eta nik berarekin abestu izan dut. DBH 3. edo 4. mailan txirula jo behar genuen, baina ni oso txarra nintzen eta irakasleari ea abestu nezakeen esan nion. Baietz esan zidan. Beraz, txirula jo beharrean abestiak kantatzen nituen. Irakasle batek ahots polita nuela esan zidan, eta Kantu Jaialdira aurkeztera proposatu zidan. Joan nintzen, eta hortik aurrera abesten jarraitu dut.

2. Gitarra ere jotzen duzu, ezta?
Alaitzen arte eszenikoetako batxilergoa egiten ari nintzenean gitarra jotzen genuen, baina hiru edo lau akorde. Horrekin moldatzen naiz. Ez dut klaserik jaso. Joan zen urtetik kantu eskola batean nago.

3. Zut aldizkarian agertu zara. Nola sortu zitzaizun aukera?
Nire lagun batek serie aplikazio bat egin du eta Zut aldizkarian horri buruz hitz egiten agertu zen. Elkarrizketa bat egin zioten. Orduan ezagutu nuen aldizkaria eta deskargatu nuen. Ondoren, idatzi zioten galdetuz ea abesten zuen edo instrumenturen bat jotzen zuen norbait ezagutzen zuen, kantautoreen atal bat egin nahi zutelako. Nire izena eman zuen eta bi bideo bidali diet.

4. Aurretik bideoak egiten zenituen?
Nik nire etxean egiten nituen, baina ez nituen inora igotzen. Behin bat egin nuen eta esan zidaten: ‘Zergatik ez duzu igotzen?’. Animatu nintzen eta noizbehinka igotzen ditut orain. Lotsa bezala ematen zidan. Baina azkenean igo nuen.

5. Eta zerk lagundu zizun bideoak igotzera?
Ez dakit. Beti izan dut nire ahizpa oso presente. Beti animatu nau bideoak grabatzera eta igotzera. Beti esaten dit: ‘Goazen gitarra hartzera eta kantatzera!’. Beti izan dut bera laguntzen. Ez du ematen, baina oso lotsatia naiz. Igo nuen azken bideoa maiatzean grabatu nuen eta urrian igo dut.

6. Nola grabatzen dituzu bideoak?
Normalean akordeak begiratzen ditut eta ez badakizkit tonua aldatzen dut. Gero gitarrarekin hasten naiz erritmoa begiratzen eta probak egiten ditut. Ondoren, grabatzen hasten naiz. Agian grabatzen dut eta ez zait gustatzen nola geratu den, justu azken momentuan okertu naizelako, eta berriz grabatzen dut. Bideoak eta bideoak grabatzen ditut. Azkenean bat gustatzen zait, gordetzen dut eta ahizpari erakusten ditu. Gustatzen bazaio igo edo ez pentsatzen dut. Pixkanaka lotsa kentzen ari naiz. Lehen lagunek abesteko esaten zidaten eta ezetz esaten nuen. Orain gitarra hartzen dut eta abesten egoten gara. Gustura egiten dut.

7. Bertsioak egiten dituzu?
Bai. Egin ditut doinuarekin letra aldatu, baina abesti oso bat hutsetik konposatu, ez. Letrak aldatzea gustatzen zait. Estilo guztietan mugitzen naiz. Berdin zait gauza bat edo bestea. Aitak esaten dit irratia ematen duda: abesti bat, gero beste bat…

8. Salto hori ematea aurreikusten duzu?
Lehengusuarekin hasiko naiz. Hitz egin genuen, eta elkarrekin zerbait egingo dugu. Bera oso ona da musikarekin eta ni letrekin. Elkartzen bagara, ea zer ateratzen den. Elkarrekin noizbait aritu gara, senideen ezkontzetan eta aitonaren hiletan, baina talde bezala inoiz ez. Ez dugu geure burua talde gisa ikusten. Berak badu bere taldea. Bere taldearekin kolaboratzeko esaten diot askotan. Noizbait neska baten ahotsa behar badute esateko. Baita txalaparta behar badute ere.

9. Txalaparta ere jotzen duzu? 
Txalapartarekin hasi ginen aitak jotzen duelako, eta txikitatik irakasteko eskatzen genion. Baina aitak ez zigun erakutsi nahi. Guk baietz. Amari esaten genion aitari esateko. Azkenean, ikasten hasi ginen. Baina kostatu zitzaion. Orain oso pozik dago. Gure arteko zerbait da.

10. Etorkizunean zer egingo duzu? Musikarekin zerikusirik duen zerbait?
Zaragozan Genero Berdintasunean promozioa ikasten ari naiz. Ez dakit horren inguruko zerbait egingo dudan edo ez. Oraindik ez dut nire burua inon ikusten. Gaur gauza bat pentsatzen dut eta bihar beste bat. Musika zaletasun bat bezala ikusten dut, baina ez dut nire burua ikusten musikatik bizitzen. Nire bizitza osoan presente egongo dela bai, hori badakit. Bideoak egiten jarraituko dut. Agian kontzerturen bat ere egingo dut, baina orain koronabirusarekin…

11. Zer da musika zuretako?
Niretako musika bizitzan izan behar dugun zerbait da. Beti. Gaizki bazaude musika jartzen duzu, ongi bazaude musika jartzen duzu… Beti dugu presente.