Ospakizun bikoitza

Guaixe 2020ko aza. 4a, 14:47

Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuak 25 urte eta Intxostiapunta gazte guneak 10 urte bete dituzte eta haien ibilbidearen berri jasotzen duen aldizkariak kalean da.

Gazteria teknikari Blanki Torresek eta Intxostiapunta gazte guneko begirale Iñaki Lopez Aguadok eta Alazne Ginea Jimenezek gidatuta, ostiralean aurkeztu zen Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren 25. urteurrenaren eta Intxostiapunta gazte gunearen berri ematen duen aldizkaria. 36 orritan jaso dute bien ibilbidea eta, horretarako, protagonisten laguntza izan dute. 

Haietako batzuk ostiraleko aurkezpenean izan ziren. Javier Ollo Martinez alkateak gogoratu zuenez,  “Gure Etxean zegoen gazte txokora joaten nintzen, larunbatetan batez ere”. Gazte txokoak balioak transmititzeko eta kuadrillen arteko harremanak sustatzeko balio duela nabarmendu zuen. Horren adibide, beste kuadrilletako orduko lagunak dituela azaldu zuen Ollok. Aldi berean, duela 25 urte Gazteria Zerbitzua sortzeko ikuspegia izan zuenei aitortza egin zien eta eskerrak eman zizkien hura aurrera egiten lagundu zuten guztiei. 

Juan Manuel Herrero, Zapa, izan zen zerbitzuko aurreneko teknikaria. Azaldu zuenez, animatzaile soziokultural gisa trebatu ondoren Gazte Informazio Puntua sortzeko asmoa zutelako deitu zion orduko gazteria zinegotzi Antxon Ramirez de Aldak. “Zerbitzua sortu genuen. Dena berria zen eta gazteak galduta zeuden. Dena artisaua zen. Pitteka egiten hasi ginen”. Ordukoa da gaur egun oraindik martxan den antzerki tailerra. “Udako gauetan zine emanaldiak antolatu genituen, baita irrati ikastaroa. Juan Mari Guajardo speakerra han hasi zen”. Zapa bi urtez aritu zen, ondoren kultura eta gazteria koordinatzailea aukeratu zuten. Mari Carmen Goienetxe, Olatz Berastegi eta Blanki Torres izan dira ardura horretan. 

Intxostiapunta 
Gazteria zinegotzia zen duela 10 urte Raul Barrena eta berari egokitu zitzaion eraikinaren zabaltzea kudeatzea. “Oroitzapen oso onak ditut. Lokal berria zen, gauza asko zeuden jartzeko, eta antolatu egin genuen”. Barrenak azaldu zuenez, horretarako “gazteekin batzar asko egin genituen, zer jarri erabakitzeko eta abar. Elkarlanean aurrera egin genuen eta gaur egunera iritsi bada, lekukoa pasa izan delako da”. Gazte gunea aurrera eraman duten guztiak zoriondu zituen. 

Gazteria Zerbitzuak eskaintzen dituen programak aletzen ari zirela hitza hartzera gonbidatu zioten Miguel Angel Jorgeri, Altsasuko enplegu bulegoko arduradunari. Zerbitzuak irakaskuntza formala eta ez formala ematen duela gogoan hartuta, Jorgek nabarmendu zuenez, “prestakuntza edozein adinetan da beharrezkoa”. Eta gazteei zuzenduta esan zuen: “exijitu iezazkiguzue gauzak, bai Torresi bai enplegu bulegoari”. 

Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko hiru ordezkari izan ziren Altsasun ostiralean. Nabarmendu zutenez, “helburu komunak lortzeko, gazteak elkartu behar dugu. Ahalik eta akordio gehien lortu behar ditugu. Eta ahal den bidetik borrokatu gazteen egoera hobetzeko. Izan ere, gazteak ez gaude erabakiguneetan eta haiengan eragin behar dugu”. 

Ostiralean Intxostiapunta gazte guneko begiraleei egindako 11 galdera astekarian.