Martinezek Altsasuren izen ona defendatu du Senatuan

Guaixe 2020ko aza. 5a, 14:08
Koldo Martinez senatuan hizketan. GEROABAI.COM

Geroa Baiko senatariak Altsasu “estigmatizatzen saiatu direnen aurrean” haren izen ona defendatu du. Koldo Martinezek altsasuarren eta Javier Ollo alkatearen irmotasun demokratikoa nabarmendu du.

Espainiako Senatuko Justizia Batzordean Estatuko Segurtasun idazkari Rafael Perez Ruiz egon da gaur. Koldo Martinezek (Geroa Bai), Nafarroako senatari autonomikoak, hitza hartu du eta “duela lau urteko gertakari tamalgarrien ondoren, Altsasu estigmatizatzen saiatu direnen aurrean, Altsasuko herriaren eta bertako alkate Javier Olloren izen onaren defentsa irmoa egin du”.

Martinezek gogorarazi du Geroa Baik berehala gaitzetsi zituela bi guardia zibilek eta haien bikotekideek jasan zituzten erasoak, eta, aldi berean, deitoratu egin du “gezurrezko, politiko eta hedabideen interesengatik Altsasun talde batzuk besteen kontra gorrotoa predikatu eta bizi zen herri bihurtzen saiatu ziren”. Martinezek nabarmendu duenez, “manipulazio bat eta gezur bat, guk hasieratik salatu genuena, gezurra delako eta gorrotoa bultzatu besterik ez duelako egiten".

Senatari autonomikoak gogorarazi du, Geroa Baiko Ollo dela Altsasuko alkatea gehiengo absolututuarekin, eta hiru altsasuarretatik biren botoa jaso zuela. “Hauteskundeen emaitza hori elkarbizitzaren eta askatasunaren aldeko apustuaren erakusgarri argia da”, gaineratu du Nafarroako senatari autonomikoak. Aldi berean, Martinezek Olloren kudeaketa goraipatu du, eta gogorarazi du "joko politikoaren txotxongilo" egin nahi izan zutela, “demokrazia, askatasuna eta bizikidetza defendatuz”. Martinezek azaldu duenez, “Altsasuren izen ona aldarrikatu nahi dut hemen, eta bere herritarrak defendatu, manipulazio horiei guztiei modu demokratikoan aurre egiten jakin baitzuten. Eta udala defendatu, Ollo alkatea buru dela. Altsasu integrazioaren eta desberdinen arteko bizikidetzaren adibide izan da urteetan zehar”, bukatu du Martinezek.