Intxostiapuntako enbaxadore berriak

Guaixe 2020ko aza. 10a, 15:02
Intxostiapunta gazte guneko ikasturte honetako berriemaileak.

Gazte gunearen eta ikastetxeen arteko bitartekari lana eginen dute, antolatutako jardueren berri emanez eta gazteen eskaerak eta nahiak jasoz.

Honakoa hirugarren ikasturtea da Intxostiapunta gazte guneak “gazte berriemaileak” dituenak. Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren programa da berriemaileena eta aurreko kurtsoetan “emaitza positiboa” izan dutela nabarmendu du. Eginkizun hori hartzen duten gazteek Intxostiapunta gazte gunearen eta ikasle gazteen arteko bitartekari lanak egin behar dituzte. Hau da, berriemaileek alde batetik gazte gunean antolatutakoen berri ikastetxe bakoitzean dagoen Gazte Informazio Gunean eta sare-sozialen bidez zabaltzen dute. Horretarako, asteazkenero gazteria teknikariarekin edo begiraleekin elkartzen dira. Gainera, ikaskideen nahi eta kezkak jasoko dituzte zerbitzuko arduradunei jakinarazteko. 

Ikasturte honetan berriki hasi dira lanean berriemaileak eta maiatzera arte segituko dute. Sei dira egiteko hori beraiendako hartu dutenak: Sakana Lanbide Heziketa institutuan berriemaileak Jonathan Laura eta Mara Martis dira (errepikatzen dute), Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan Aitziber Da Costa Taboada eta Cristina Matias Tapia, Iñigo Aritza ikastolan Eneko Andueza eta Sagrado Corazon ikastetxean Cristian Juarez Melchor. Haien egitekoa betetzeagatik berriemaileek honako saria jasoko dute: hilean behin Intxostiapuntan antolatutako ekintza batean doan parte hartzeko aukera eta 200 euro, bi zatitan jasoko dutenak, aurten 80 euro eta heldu den urtean 120 euro. Lana despeditzean dagokien diploma eskuratuko dute.