Mila Kolorerendako 'Goza' saria

Guaixe 2020ko aza. 10a, 14:29

Mila Koloreko ordezkari Virginia Ruiz de Eginok jaso zuen Altsasuko saria.

Nafarroako 7. Gozamenez film labur lehiaketako helduen mailako saria irabazi du 

Film laburrak eginez gozatu eta, aldi berean, sexualitatearen inguruan hausnartzeko asmoz antolatzen da Gozamenez film laburren lehiaketa. Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako lehiaketan Mila Kolore taldearen Contemple tanto lanak helduen mailako saria eskuratu zuen. Altsasuko lehiaketan aurkeztutako lanak 7. Nafarroako Gozamenez film laburren lehiaketara aurkeztu ziren ere, beste hamar lanekin batera. Lastailaren 29an egindako sari banaketan Mila Kolorek eskuratu zuen helduen mailako Goza saria. Sari banaketa osasun krisialdiak eragindako egoera berezira egokitu zuten, eta Gozamenez egitasmoaren Instagrametik zuzenean jarraitzeko aukera egon zen. Horrekin batera 300 euro eta diploma eskuratu dute. 


Nafarroako 7. Gozamenez film laburren sari banaketa telematikoa. UTZITAKOA

Birritan saritutako lana Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren Gu Geu Gazte programaren baitan egin zen eta Elur Olabidek zuzendu zuen. Film laburrean Aimar Bengoetxeak, David Quejerok, Edurne Goikoetxeak, Isaac Samanesek, Lizar Aldarergiak eta Oier Galartzak parte hartu zuten. Ikus-entzunezkoa Constantino Cavafis poeta greziarraren poema erotiko batean oinarritzen da. Film laburraren sinopsiaren arabera, “erotismoak eta sentsualitateak ez dute inor zertan beldurtu, euren moralitatearen gatibu daudenak salbu”. Gaineratu dutenez, “desira eta zentzumenetara eramaten gaitu taldeak bere begirada eta gorputzen bidez”. Mila Koloreko kideek badute eskarmentua bideogintzan eta sariak jasotzen. Izan ere, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako Gaztewood lehiaketan film labur onenaren saria jaso zuen joan den urtean. 


Altsasuko Gozamenez film laburren sari banaketa Intxostiapuntan. 

Udazkenean 
Gozamenez programa sexualitatea modu zabalean ulertzen du, "finean, plazera eta sexualitatea gurekin egunero egiten dugun guztian daramagun zerbait bezala ulertzen dugu". Altsasun gazteei zuzendutako egitaraua prestatu dute azarorako. Hark abiaraziko du Busti aniztasunez, bizi gozamenez film laburren emanaldia eta ondorengo foruma. Intxostiapunta gazte gunean izanen da, heldu den ostiralean, 18:00etan.