Edozein izan daiteke Momotxorro

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 9a, 13:45

Elias Taño artistak Altsasu Auziaren fanzinea argitaratu du: 'Dios, Patria, Fueros y (Rey) Altsasu'. Auziagatik espetxeratutako gazteen elkartasunez Burunda frontoiko murala egin zuen, eta estilo berdineko marrazkiek osatzen dute komikia

Altsasuko auziaren inguruko "zerbait" egitearen ideiarekin nahiko denbora zeraman Elias Taño artistak. "Bilboko lagun batzuekin sortu zitzaidan komiki bat egitearen ideia. Gallina Vascako lagunekin hitz egitean bururatu zitzaidan gure ikuspuntutik kontatu beharrean, hori nahiko ongi azalduta dagoela, haien ikuspuntutik egitea". Probak oinarri hartuta gaia ironizatu du Tañok: "Nola egin zuten ikerketa, nortzuk salatu zituzten eta zergatik…". Koxka tabernaren aurrean izandako iskanbilaren eta ondorengoen kontakizuna eskaintzen du Dios, Patria, Fueros y (Rey) Altsasu komikiak. Dagoeneko artistaren sare sozialetan eros daiteke, baina urtarrilean, egoerak hobera egiten badu, Nafarroan aurkezpenak egitea aurreikusi du. Gainera, euskarazko bertsioa eginen duela ere esan du. Komikiaren sarrera Jonathan Martinez kazetariak egin du. 

"Istorio honen paradigma da talde armatuaren faktorea dagoeneko ez dagoela politikaren barruan. Orduan, kontakizun hau egiteko nahita nahi ez kriminalizatu behar izan dute. Euskal Herrian betidanik gertatu dena". Altsasu Auziarekin Euskal Herritik kanpo atzera begiratu dutela azaldu Tañok: "Hori orain gertatu bada, zer ez da gertatu Euskal Herrian 30 urte hauetan? Intxaurrondoko kuartela, GAL, erailketak, torturak…". Altsasukoa denboran gertuago dagoenez, "eta talde armatua dagoeneko existitzen ez denez", istorioak "Ebroren muga" zeharkatu duela esan du artistak.

Paralelismoak
Momotxorroak dira komikiaren protagonistak, Guardia Zibil, epaile eta auzian inplikatuta egon diren beste hainbat pertsonaiekin batera. "Ez pertsonalizatzeko saiakera bat egin dut. Edozeini gerta dakioken gauza bat dela erakusteko edo, alderantziz, guztiak momotxorroak izan gaitezkeela adierazteko". Altsasuko tradiziora jo zuen artistak, eta inauterietako pertsonaiak arlo guztietan interesagarriak zirela azaldu du: "Estetikoki, musika aldetik, energia aldetik… momotxorroen irteera hori izugarria da". Pertsonaia Euskal Herriko "kosmobisioa" kontatzeko egokia da. Munstroekiko zentzugabekeriako beldur horrekin paralelismoa egin nahi izan du ere momotxorroak erabiltzean: "Euskal Herritik datorren edozein aldarrikapen sozial eta politikoei beldurra izatea, herri tradizioaren munstroei zaien beldurraren antzekoa da".

Momotxorroak edozein izan daitezke, baina kontakizun honen beste pertsonaiek izen propioak dituzte. Ironiaren bidez, modu esplizituan, auziaren nondik norakoak azaldu ditu. Kaleak arte politika egiteko leku hoberenak direla azaldu du: "Ez dut uste arazorik sortuko duenik. Kalean dagoena publikoa da, jende guztiak ikus dezake eta jende guztiak kritikatu dezake. Espazio publikoa da. Baina komiki bat hedatzeko zailagoa da". Esku okerretan erortzen ez bada. Kasu horretan ere adierazpen askatasunaren barruan sartzen dela azaldu du Tañok: "Badakigu botere judiziala ultra kontserbadorea dela, baina izan ditudan Voxen salaketa guztiak artxibatu dituzte".

Estilo berezia
2018ko Altsasuko festetan Burunda frontoiko fatxadan kolore biziko murala margotu zuen, hainbat pertsonekin elkarlanean. Artistak esan duenez, ez da herrira egin duen bisita bakarra. Barrura sartu zaio Altsasu eta bertako jendea: "Altsasu Gurasoak taldeko kideak ezagutzen dituzuenean konturatzen zara nola manipulatu duten guztia. Gainera, herri osoa kriminalizatzeko saiakera bat izan da. Oso larria iruditzen zait". Murala elkartasunaren irudi bihurtu bazen, komikia Altsasuko jendeari omenaldi bat izatea nahi du artistak. "Bertan asko ikasi dut, eta jendeak erakutsi dit guzti honi aurpegia jartzen. Ebrotik behera esan ziguten momotxorro etarrak izan zirela guardia zibil batzuk jo zituztenak, baina sentsibilizazio pixka bat izanda konturatzen zara zer gertatu zen".

"Altsasu liburua ireki nuenean eta muralaren argazki bat ikusi nuenean pentsatu nuen: dagoeneko ez da zurea, herriarena da". Altsasuko muralaren irudiak Tañoren bereizgarriak diren figurak agertzen dira. Baita komikian ere. Artistak azaldu duenez, "bereak" dira, baina bere estilo hori lortzeko hainbat artistetan eta mugimendutan oinarritzen da: Mainstream kulturaren sektore pop-enetatik Latinoamerikako muralismora, underground-eko komikietatik pasata. Bere estilo gogokoena Txileko Ramona Parra Brigada dela esan du. Bai bisualki bai muralak egiteko erabiltzen duten teknika aldetik ere. "Nik bezala lan egiten dute: artistak marrazkiak egiten ditu, eta langile eta nekazari bakoitzak kolore batekin zati bat margotzen zuen. Amaitzeko artistak beltzarekin lerroak errepasatzen zituen. Oso azkar egin behar zuten, haien metodologiagatik eta diktaduran egiten zutenez bizitza arriskuan jartzen zutelako". Altsasuko murala teknika hau erabiliz sortu zuten.

Komikia "gauza oso umila" da. Konfinamendua gurasoekin Tenerifen pasa zuen Tañok, eta "prekarietatearekin borrokatzetik gelditu ahal izan dudan momentu bakarra" baliatu zuen. Kanarietako patata beltzek finantzatu dute artelana: "Lagun batek kasualitatez saldu behar zituen, eta proiektua aurrera eramateko aukera bezala eskaini zidan". Bertako nekazaritzatik sortutako proiektua bada, beraz. Momentuz, 200 ale kaleratu ditu eta, espero ez bazuen ere, lehenengo egunetan "asko" saldu zituen. Estatu osotik heltzen zaizkio eskaerak. "Oso ongi doa". Komikia lortzeko Tañorekin harremanetan jarri behar da bere sare sozialen bidez.

Erlazionatuak