COVID10 birusak sortutako pandemiak beste biktima bat du. Altsasuko Zubeztia elkarteak urtero abenduaren 8an Amabirjiña Sortzez Garbiaren egunean antolatzen duen lasterketa bertan behera utzi behar izan du, pandemiagatik. Aurten Zubeztia elkarteko 40. Oinezko Lasterketa edo 37. Alberto Barricarte Memoriala zen jokatzekoa, baina urte bukaerako San Silvestrea prestatzeko ezinbestekoa zen proba herrikoia datorren urtera, 2021era atzeratu behar izan du antolakuntzak.
“COVID19ak sortutako egoera epidemiologikoa dela eta, Zubeztia Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak 2020ko Oinezko Lasterketa-Alberto Barricarte Memoriala bertan behera uztea erabaki du, parte hartuko dutenen segurtasun osoa bermatzea ezinezkoa baita” dio Zubeztia elkarteak zabaldutako oharrak. Bide batez, elkarteak pandemiako gaixoak eta biktimak izan ditu gogoan. “Besarkada handi bat bidali nahi diegu birusak jotako familia guztiei, eta espero dugu gehien gustatzen zaigunaz laster gozatzea eta normaltasun osoz ospatu ahal izatea 2021eko Zubeztiako lasterketa”.
Zubeztia lasterketa oso proba herrikoia da Sakanan, abenduaren 8ko jai eguna korrika eginez disfrutatzeko eguna eta gertu dagoen San Silvestrea prestatzeko modu ezin hobea. Baina aurten ez bat ez beste. Joan den urtean 166 korrikalarik hartu zuten parte 10 km inguru dituen proban eta Antonio Etxeberria (31:52) eta Izaskun Beunza (37:42) izan ziren azkarrenak.