"Baso politika hobetzeko" proposamena egin du EH Bilduk

Guaixe 2020ko aza. 16a, 11:30

"Basoen zaintzearen, erabiltzearen eta ustiatzearen garrantzia hobe ikusaraziko duen baso politika" eskatu du

Altsasuko EH Bilduk herriko basoak hobetzeko zortzi proposamen publiko egin ditu. Helburutzat jo du joan den mendean landatutako pinu guztiak kentzea, "gure zoruari eta natura aberastasunari kalte handia egiteagatik". Koalizioak proposatu du pinudietan garbiketak eta argitzeak egitea, eta han sortutako "tokiko landareak laguntzea, eta, behar izanez gero, landaketa autoktonoekin laguntzea". Pinua bezala, Amerikako haritza basotik kentzea ere helburua dutela adierazi dute. "Horretarako, beharrezkoa izanen da makinetan eta langilerian inbertitzea". EH Bilduk proposatu du basoteknikari bat kontratatzea, "gure mendietan urtero garatzen den udal politika aurrera eramateaz arduratuko dena, eta bere esanetara langile kuadrilla izanen duena".

Koalizioak azaldu duenez, Amerikako haritza ezabatzeko "politika irmo eta erabakigarria" ezinbestekoa da, beti ere, basoan bertako haritza izateko helburuz. Amerikarra bertako haritza baino azkarrago hazten dela kontuan izanik, EH Bilduk proposatu du eremuak markatzea eta bertako haritza dagoen tokietan Amerikako haritz landarea eskuz kentzea. Eta Amerikako haritz landare handiagoak dauden eremuetan haiek moztu eta garbitzea, "horrela inbasio horrek hartutako eremu guztietan". Gaineratu dutenez, "lanok eskulan handia beharko lukete eta asko iraunen lukete, gure ustez gure herriarendako onuragarria da".

EH Bilduren iritziz, "gure basoan beharrezkoak diren garbiketak, argitzeak, bakanketak, landaketa eta bestelakoak egiteko beharrezkoa da udalak sasigarbitzeko makina traktorea erostea". Helburu gisa jarri du "joan den mendean ia desagertu zen gaztainondoa berreskuratzea". Basoitxin edo Dameroan egiten ari diren bakanketa baliatuz, gaztainondoekin eta intxaurrondoekin birpopulatu daitekeela proposatu du.