Klinikak kontsulta zentroa irekiko du Iruñean

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko aza. 18a, 13:01
Okupazio terapeutiko ariketak egiten Josefina Arregi klinikan. ARTXIBOA

Josefina Arregi klinikak "psikogeriatria eskuragarriagoa" jarri nahi die nafarrei zentro berriarekin. Cordovilla industrialdean egonen da eta hilaren akaberan zabalduko ditu ateak

Altsasutik Iruñerako saltoa eginen du Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak hiriburuan egoitza berria zabalduz. Altsasun pilatutako urteetako eskarmentua oinarri dutela, Iruñeko mediku kontsulta zentroan honakoak eginen dituzte: psikogeriatriako, geriatriako eta neuropsikologiako mediku kontsultak, baita eta errekuperazio eta errehabilitazio funtzionaleko zerbitzuak ere. Zerbitzu berri horren bidez klinikaren asmoa da Iruñerrira bere zerbitzua zabaltzea, psikogeriatrian espezializatutako erakunde bakar gisa finkatuz.

Cordovillako mediku kontsulta zentro berrian geriatrek, psikiatrek, neurologoek eta familia medikuntzak osatutako mediku talde espezializatu batek lan eginen du, Josefina Arregi klinikak Altsasun 1994tik eskaintzen duena eskainiz. Zentro berriak neuropsikologia kontsultarako zerbitzua izanen du eta, gainera, Altsasun sortu eta 2017az geroz martxan den errekuperazio eta errehabilitazio funtzionalerako unitatea ere izanen du. Iruñerriko zentroak arratsaldez zabalduko ditu ateak.

Klinikako zuzendari kudeatzaile Anjel Garadachalek esan duenez, "horrelako mediku zerbitzua behar duten ahalik eta pertsona gehienen beharrei erantzutea garrantzitsua dela uste dugu. Paziente gehien dauden lekura hurbilduz, Altsasuko gure klinikara joateak sor diezazkiekeen eragozpenak saihestuko ditugu". Iruñerriko eta Altsasuko zentroak aldi berean ariko dira lanean, baina Gardachalek jakinarazi duenez, "Altsasuko klinika zerbitzu berriekin indartzen ari gara".

Gaineratu duenez, "pertsona askok gure zerbitzu medikuak eta terapeutikoak behar dituzte. Horregatik, Josefina Arregui klinikatik eta Felipe Lecea sortzailearen ametsarekin jarraituz, gure osasun zerbitzuak Nafarroako herritar gehienei hurbiltzeko apustua egin dugu". Gardachalek ziurtatu duenez, "proiektu berritzaile berriak garatzen eta martxan jartzen jarraituko dugu, klinika garatzen ari den jarduerak sendotuz eta indartuz, Altsasun instalazioak hobetuz eta eguneratuz". Josefina Arregi klinikak bere zerbitzuak eskuragarriago egiteko apustu horretan ezinbestekoa izan da Esteban Lizarraga eta Victoria Etxeberria fundazioaren, Adania fundazioaren, laguntza eta finantzaketa.

Altsasuko zerbitzuak
Kanpoko mediku kontsultez eta errekuperazio funtzional anbulatorioko unitateaz aparte, Josefina Arregi klinikak egonaldi ertaineko ospitale bat eskaintzen du Altsasuko egoitzan. Bertan 21 ohe daude, guztiak Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzartuta. Unitate horren helburua da buru nahasmendu organikoa duten paziente zaharrak diagnostikatzea, tratatzea eta errehabilitatzea, nahasmendu hori anbulatorioan artatzeko modukoa ez denean. Jokabide edo lo asaldura larriak dituzten eta narriadura kognitiboa edo dementzia duten pazienteak artatzen ditu (Alzheimer, Lewyren gorputzengatiko dementzia…). Paziente gehienak beren etxeetara itzultzen dira sendatu ondoren.

Eguneko zentro psikogeriatrikoa, narriadura kognitiboa duten eta etxean bizi diren pazienteetan espezializatua. Zentro horren helburua da adinekoa mantentzea eta berreskuratzea, estimulazio kognitiboa egitea, autonomia pertsonala zaintzea, harreman sozialei eustea, egonkortasun afektiboa eta etxean jarraitzea.

Berrian
Iruñeko kontsulta medikoen zerbitzu berriak azaroaren amaieran irekiko ditu ateak, arratsaldez. Zerbitzuak psikogeriatria kontsulta izango du, eta, bertan, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk, jokabide aldaketak eta gaixotasunak (depresioa eta antsietatea) dituzten pazienteen diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena egingo da. Neurospikologia kontsultak ere egingo dira, pertsonaren gaitasun kognitiboak ebaluatzeko, narriadurarik dagoen zehazteko, bai eta haren eragin maila eta ezaugarriak zehazteko ere. Gainera, Iruñeko mediku kontsultek errekuperazio funtzional anbulatorioko Unitatea ere izango dute. Unitate horren helburua adinekoen autonomia berreskuratzea da, dementzia izan ala ez, beren kabuz moldatzeko eta beren etxeetan ahalik eta denbora gehien egoteko.