Kamioien aparkalekuan bideo-zaintza sistema jarriko du Altsasuko Udalak

Guaixe 2020ko aza. 18a, 09:05

Altsasuko kamioi aparkalekuko sarrerako atea.

Lapurretak eta beste ekiditeko instalazioen segurtasuna hobetzea da helburua

Altsasuko Udalak kamioien udal aparkalekuan segurtasuna hobetzeko neurriak hartu ditu, bertan zenbait lapurreta gertatu baitira. Horretarako bideo-zaintza sistema jarriko du Udalak. 

Altsasuko kamioien udal aparkalekua aparkaleku itxia da, sarrera eta irteerak egiteko ate automatikoa duena. Espazio horretan aparkatzeko plaza baten titularrak direnak dute bertan sartzeko giltza. Kontua da, aparkalekua ireki zenetik zenbait lapurreta izan direla –kamioi baterien lapurretak, kamioien karga eta kamioi oso baten lapurreta, tartean– eta segurtasuna hobetzeko bideo-zaintza sistema jartzea erabaki du Udalak. Sistema honek 3.897,41 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta Conatel Telecomunicaciones enpresak egingo ditu lanak. 

Udaletxeko, biltegiko eta Zelandi ikastetxeko segurtasun neurriak
Bestalde, beste hainbat udal eraikinetan segurtasuna hobetzeko neurriak hartu dira ere. Esaterako, Altsasuko udaletxean eta udaleko obra zerbitzuko biltegian baimenik gabe sartzeko eta suteen kontrako sistemak jarriko dira (udaletxeko aurrekontua 5.714,22 eurokoa da, eta biltegikoa 3.630 euroko aurrekontua), eta Zelandi Ikastetxe Publikoan suteen aurkako sistema berria (3.714,22 euro). Lan guztiak Conatel Telecomunicacionesek egingo ditu.