Altsasuko udal tasak izoztuko dira eta terrazen tasa ez da kobratuko

Guaixe 2020ko aza. 18a, 10:30

Pandemiak herritarren jarduera ekonomikoan sortutako eragina mugatu nahi da

Altsasuko udalak erabaki du datorren urtean zergetan ez duela igoerarik egingo eta, horrela, 2020ko ekitaldiko zerga-tasak, tasak eta prezio publikoak 2021 urtean mantenduko dira. Udala jakitun da COVID-19 birusak sortutako pandemiak herritarren ongizatean eta jarduera ekonomikoan eragina izan duela eta, horregatik, tasak izoztea erabaki du. 

Bestalde, eta ostalaritzaren sektorea biziki kaltetua delako, Altsasuko Udalak ostalaritzako terraza eta mahaitxoen bidez eremu publikoa okupatzeagatiko tasaren kobrantza etetea erabaki du. Udaletik adierazi dutenez, tasa honengatik urtero gutxi gorabehera 12.000 euroko diru sarrera izaten du Udalak, baina aurten tasa hori etetea onetsi du Udalak, jakitun baita urte oso gogorra izan dela ostalaritzarendako, ordutegi eta aforo mugak direla eta, eta pandemiaren zenbait fasetan ostalaritza itxita egon delako, gaur egungo kasua, esaterako.