Akuarela batean sartzea bezala

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 17a, 14:54
Irati Urrestarazuren 'Albo batera utziz' erakusketaren mustutze egunean. UTZITAKOA

Irati Urrestarazu altsasuarrak 'Albo batera utziz' erakusketa mustu du Bilbaoarte fundazioaren aretoan. Materialekin duen "borroka" batetik sortutako prozesuak osatzen du artistaren instalazio berria

2019. urtean Bilbaoarte fundazioaren erresidentzia beka lortu zuen Irati Urrestarazu artistak, 18 artista gazterekin batera. Urte batez artea egiteko eta sortzeko aukera izan zuten artista bekadunek, eta, urte amaieran erakusketa txiki batean lan horiek aurkeztu zituzten, eta Urrestarazuren obra erakusketa indibiduala egiteko hautatuetako bat izan zen. Erresidentzia horretan hasitakoaren "jarraipena" aurkeztu zuen, beraz, urriaren 16an Bilbaoarte fundazioaren aretoan: Albo batera utziz. "Zerbait desberdina da, baina nabaritzen da bestearen bidetik datorrela. Jarraikortasun hori ikusten da".

Urrestarazuk ez du proiektu "itxiekin" lan egiten. "Prozesuekin lan egiten dut; lan egiteko orduan metodologia desberdinak sortuz". Bere lanean etengabeko jarraikortasun" bat dagoela esan du artistak. Bere lanean metodologian eta prozesuan garapen bat ikusten da. "Beti daukat begirunea materialetan, gehien bat beraien portaeretan. Gustatzen zait ikustea material bakoitzak nik behartzen ditudan egoera desberdinetan nola erantzuten duen". Artistaren eta materialaren arteko "negoziazio" bat da. "Materiala bere ahalmen guztira eramaten dut, eta bere izaerara itzultzeko prozesuan sortzen denarekin aritzen naiz. Negoziazio hori ematen da". Materialak zer ematen duen.

Artista vs. materiala
Borroka bat ere bada. "Aurreko erakusketarako erresinarekin probatzen hasi nintzen. Akrilikoa erabili nuen gehien bat, eta poliester erresinarekin probatzen hasi nintzen". Urrestarazuk ez zuen materiala ezagutzen eta "mila istripu" izan zituen, esaterako, lurra garbitzen hiru egunez egon zela aitortu du. Baina horregatik ere material hori "bonba" bat zela konturatu zen. Hortaz, proiektu honetarako materialarekin probak egiten hasi zen, eta erresina xafla handi batzuk sortu zituen. "Lodiera desberdinak ematen, tolesten… konturatu nintzen indar asko zuela bere onera itzultzeko baina gero toki batean guztiz leuna utzi eta astebetera tolestuta zegoen". Tenperaturaren eraginaren ondorioak ikusi zituen. "Horren arabera formak egiten hasi nintzen, tolestuz, eta ordura arte erreparatu ez nion gardentasunari garrantzia ematen hasi nintzen". Erresina xaflek sortzen duten gardentasuna lehentasunezko elementua bihurtu zen instalazioan: "Bata bestearen atzean erakusten duena edo ezkutatzen duena".

Erresina "sorpresa handia" izan dela esan du Urrestarazuk. Baina ez da Albo batera utziz erakusketarako erabili duen material bakarra. Kolore horiak presentzia handia du. "Hainbat koloretako lonak bilatu nituen, eta erotu nintzen. Obra batean urdin koloreko lona bat ikusi nuen, eta ez nuen inon topatzen. Beste bat ekarri zidaten, baina ez zitzaidan gustatzen. Azkenean, kolore desberdinak ekartzeko eskatu nuen". Tartean, horia zegoen. "Ez nuen aurretik pentsatu". Lagun batek "zakarra" zela esan zion, eta lona hori horri forma ematen hasi zen. "Zortea daukat nahiko estudio handia dudalako, orduan, piezak instalazioan bezala mugitzeko aukera izan dut". Hala ere, estudiotik erakusketa aretora aldaketak daudela azaldu du: "Estudioan kontrastea handiagoa zen, erakusketan ez dakit argiagatik izan den edo, baina ezberdin gelditzen da". Oso girotua gelditzen dela aipatu du.

Akuarela
Gorputzak eskatzen zidan kolore horia erabiltzea. "Hainbeste kolore dituzunean zalantzak sortzen dira, baina badago puntu bat non gorputzak eskatzen dizun". Aurreko erakusketan kolore biziak erabili zituen, indartsuak, eta honetan "beste zer edo zer" egin behar zuen. "Batzuetan tentsio hori sortzeko beharra sortzen da, baina honetarako ez nuen hori bilatzen". Lanean ari denean "tentsio" horretara iristea gustatzen zaio artistari, "ea nork ematen duen amore lehenago". Ate irekiak egin behar zituenean hasi zen Urrestarazuren eta materialen arteko tentsioa edo borroka hori: "Goma batekin ari nintzen lanean eta forma bat eman nion, baina ez zegoen modurik. Azkenean tubo antzeko bat egin nuen. Amore eman nuen, berak irabazi zuen. Baina sortutako egoera hori gustatu zitzaidan".

"Nik ez dut ezer kontatu nahi. Nire erakusketan sartzean gozatzen duzun edo ez, hori da kontua". Aurreko erakusketan, esaterako, koloreak ez zuen gainean zeuden eskulturak eta formak ikusten uzten, "eta hor tentsioa sortzen zen". Uharteko Arte Garaikideko Zentroan tentsio hori "lasaitu" zuela azaldu du Urrestarazuk. Albo batera utziz erakusketa "akuarela batean sartzea bezala" dela esan zion lagun batek. "Lona handi bat jarri dut eta horrek atzekoa ikusten uzten du". Edo ez. "Gauzak oso konektatuta daude eta margo batean sartzea, eskulturan galtzea edo aire ponpa baten barruan egotea bezala da". Urrestarazuren estiloa da. "Klasikoa naiz horretan. Formari ematen diot garrantzia, esperientziari, gaiari baino".

Egoera berezia
Erakusketa egiteaz "eskertuta" dago Urrestarazu. Erakusketarekin gozatzeko aukera eman dio COVID-19 birusak sortutako egoerak. Baina "gauza gehiago" ez direla ateratzen aitortu du ere artistak. "Erakusketak eta ekimenak atzeratzen ari dira. Okelan ere ekainerako programatuta genituen batzuk oraindik ezin izan ditugu egin". Egoera desegonkorra dela esan du. Dena dela, gaur bertan erakusketa bat mustuko dute, "baina hurrengoak kolokan ditugu".

Konfinamendua "ilusioarekin" hartu zuela esan du artistak. "Estudioan bakarrik lanean egoteko" aukera bezala ikusi zuen. Baina, aitortu duenez, eta beste artista askorekin kontrastatu ahal izan duenez, "estudiora joaten nintzen eta ez nuen sormenik". Egitura aldaketa "hain indartsua" izan zenez, erdi "hutseratuta" gelditu zirela azaldu du.

Etorkizunari begira "gauzak mugitzen" ari dira. Baina "aurrekontuetan kulturari kendu diote ahal izan duten guztia eta hainbat proiektu bertan behera gelditu dira". Aurtengo dirulaguntzak iristen ari direla azaldu du, aurreko aurrekontuetan hitzartutakoak direlako. "Aurrera begira ez dakigu. Hurrengo urtean edo hurrengoan ikusiko dugu zeintzuk diren gobernuen eta udalen apustuak". Kulturari ez zaiola dagokion garrantzia ematen esan du Urrestarazuk, "beti beldur gara". Arte plastikoen munduan daudenak "zorte" gehiago dutela esan du, egoera honetan erakusketak egiteko antzerkiak edo kontzertuak egiteko aukera gehiago dagoelako.