Baikolar Bizirik taldetik auzoan bizi dugun egoeraren berri eman nahi dugu.
Aurreko komunikatuan udalaren jakinarazpen baten zain geundela esan genuen. Eta azkenean iritsi dira espero genituen eskutitzak; hau da, Baikolarko hirigintza plan berezia gauzatzeko proposamena. Nabarmentzekoa da ia bi hilabete berandu iritsi direla eta ez esan zuten moduan, bilerak egin eta hamar egun geroago.
Jakinarazpen horietan planteatutako bi proposamenak ezagutu ditugu. Lehenengo aukera etxeak kontsolidatzea eta kontsolidatu gabeko eraikinak (baserriak, txabolak eta industria nabeak) botatzean datza. Kasu horretan etxebizitzak mantentzen dira, baina bizilagunok lurraren zati bat galtzen dugu. Gainera, diru kopuru handia ordaindu beharko genuke, osotara 1.288.574,70 euro. Gure gain hartu ezin dugun kopuru izugarria. Bigarren aukera etxeak, baserriak eta bestelako eraikinak botatzea litzateke eta lurraren berrantolaketa bat egitea. Honakoan ordaindu beharreko kopurua askoz handiagoa da, guztira 2.072.711,10 euro.
Bidalitako dokumentua ulertezina da kaleko pertsonendako eta horrek dugun informazio falta areagotzen du, denbora luzez pairatzen ari garena. Guztioi ohar bera bidali digute, bakoitzari nola eragiten dion zehaztu gabe. Jakin badakigu familia bakoitzak ordaindu behar duena ez dela berdina. Eskatu daitekeen gutxienekoa datu guztiak mahai gainean izatea da.
Lotsagarria iruditzen zaigu aukeretako bat eraikin guztiak botatzea izatea. Ez dezagun ahaztu familia askoren etxebizitzak dira, ez besterik! Proposamen honen helburu bakarra lehenengoa aukeratzea derrigortzea da. Argi dago bizilagunon beldurrarekin jolasten ari direla, zeren parte hartze planak bi aukera bakarrik eskaintzen ditu, horietako bat pentsaezina denean.
Hori gutxi balitz, hamar lan eguneko epea ematen digute familia bakoitzari nahi dugun proposamena adierazteko. Egun kopuru irrigarria da, horrelako erabaki garrantzitsua hartzeko, gure bizitzetan eragin zuzena izango duena.
Babesgabe sentitzen gara berriz ere udalaren jarreraren eraginez. Ez dugu uste bi aukera bakar horiek planteatu daitezkeenik. Auzokideen iritzia kontuan hartzea aldarrikatzen dugu, arkitektoa bere bulegotik atera dadila eta paperetatik kanpo sostengatzen den proiektu bat proposa dezala.
Ez dugu onartuko Baikolar auzoa urbanizazio triste batean bihurtzea!