Atletismoa

Dantzalekuko atletismo pisten mantentze lanak egitea eskatu dio Udalari Dantzaleku Sakana taldeak

Guaixe 2020ko aza. 24a, 10:30
Argazkiak: Dantzaleku Sakana kluba.

Pistetan hainbat zartadura eta haustura daude eta tarte batzuetan belarra jaiotzen ere hasi da

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak Dantzalekuko atletismo pistan beharrezkoak diren konpontze eta mantentze lanak egin ditzala eskatu dio Altsasuko Udalari. Klubak sare sozialetan zabaldutako irudietan ikusten den moduan, kortxozko pistako zenbait zatitan belarra hasi da jaiotzen, eta pistako zenbait tokitan ere arrakalak eta zartadurak daude, bestelako hausturekin batera. “Ez dugu zalantzarik mantentze eta birgaitze lanak egingo direla, baina lanen hasiera gehiegi ez luzatzea nahiko genuke, pistak ongi egotea beharrezkoa baita pistak erabiltzen dituzten herritar ororendako eta Dantzaleku Sakana atletismo klubak antolatzen dituen atletismo ikastaro eta jardueretarako” adierazi dute. 

Dantzaleku Sakana klubeko boluntarioek auzolanean egin izan dituzte pistako konponketa lanak, baina beharrezko mantentzea egitea eskatu diote Udalari. 

10 urte
Dantzaleku atletismo pista berritzeko lanak 2010ean egin ziren. Pista eta salto gunea guztiz berritu ziren eta, aldi berean, futbol zelaian belar artifiziala jarri zen. Dantzalekuko kirol guneko lan guztiek 963.777 euroko aurrekontua izan zuten eta La Guereña enpresak egin zituen. Lanak Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu funtsarekin eta Espainiar Estatuko aurrekontuetatik finantzatu ziren, NaBai-ren zuzenketa bat onartu eta aurrekontuetan jaso eta gero.