Eguberritako Aisiaz Blai programan izena emateko epea gaur zabaldu da

Guaixe 2020ko aza. 24a, 10:37
Haurrk ludotekan. Artxiboa.

Txantxari udal ludoteka abenduaren 23, 24, 28, 28, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 4, 5, 7 eta 8an zabalik izanen da, lana eta familia bizitza bateragarri egin ahal izateko. Gaurtik abenduaren 1era arte eman daiteke izena (biak barne)

Eguberriekin batera, ikastetxeek oporrak ematen dizkiete haurrei. Hainbat familiatan gurasoek lanean segitzen dute data horietan, edo bestelako konpromisoak dituzte eta ez dute seme-alabak norekin utzi. Familia kontziliazioa errazteko, Txantxari udal ludotekak Aisiaz Blai aisialdi programa eskainiko du eguberritako oporretan. 3 eta 12 urte arteko (2008 eta 2017 artean jaioak) ume eta haurren gurasoek baliatu dezakete aukera eta zehaztutako datetan euren haurrak ludotekan utzi. Bi ordutegi daude: 08:30etik 13:30era eta 11:00etatik 13:30era. Aurreneko ordutegiarekin plazak betetzen ez badira zabalduko da bigarren aukera hori soilik.

Izen ematea bihar zabalduko da eta heldu den asteartean itxi. Aukera baliatu nahi duten gurasoek 012 edo 948 012 012 telefonora hots egin beharko dute edo, bestela, www.altsasu.eus web orrian sartu beharko dute. Programan onartuak izateko udal ludotekak baremazioa du eta familia ereduaren arabera puntuak ematen dira. Matrikula errentaren arabera ordaindu beharko da eta ordutegi zabalaren kasuan 6 euroetatik 39 eurotara bitartekoa da (ordutegi murriztuan 3 eta 19,5 euro artekoa). Haurrak aisialdi programara izen emateagatik ordainketan ere hobariak jaso daitezke, baina, horretarako, beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar da.

Pandemia
Aisiaz blai programan parte hartzen dutenek COVID-19 gaitzari aurre egiteko prebentzio eta babes neurriak hartu beharko dituzte, horrela, zerbitzuko erabiltzaile guztien segurtasuna eta osasuna bermatu eta, bide batez, gurasoen lan eta familia bizitza ahalik eta gehien bateratzea bermatzeko. Horregatik, 12 haur hartuko dira eta haiekin bi begirale ariko dira. Programak irauten duen bitartean talde egonkorra sortuko da eta ez da aldatuko. 6 urtetik gorako parte-hartzaileek nahi eta nahiez musukoa jantzi beharko dute, osasunarekin eta bestelakoekin lotura duten kasuetan izan ezik. Erabilitako materiala taldeak bakarrik erabiliko du. Gainera, txikiek ezin izanen dute etxetik ludotekara ezer eraman. 

Ludotekara osasun onean dauden haurrak besterik ezin dira joan. Hara sartu aurretik haurrek eskuak garbitu edo gel hidroalkoholikoa emanen dute eskuetan, begiraleek ikuskatuta. Sartu aurretik alfonbra batetik pasa beharko dute, oinetakoak garbitzeko. Bainugelara joanez gero, gehienez ere bi pertsona sartuko dira. Ludoteka aldian behin aireztatuko dute. Pertsona helduak ezin izanen dira ludotekara sartu eta sarreran gelditu beharko dute musukoa jantzita eta segurtasun-distantziak errespetatuz. Igogailua ahalik eta gutxien erabiltzea aholkatu dute ludotekatik.