Mayte Mendia

"Gure sustraiak ezagutzea garrantzitsua da"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 24a, 14:13
Mayte Mendia altsasuarra, Erkuden Sakana bezala ezaguna da sareetan. UTZITAKOA

Erkuden Sakana bezala ezaguna da sare sozial ospetsu batean Mayte Mendia altsasuarra. Duela 48 urte Kanadan bizi da, baina herriko tradizioak eta oroitzapenak gogoratzen ditu. 

Orain, ilobendako ohituretan oinarritutako ipuin bat idatzi du

1. Kanadan bizi zaren arren, ez zara guztiz joan, ezta?
Altsasura guztiz lotuta jarraitzen dut. Gainera, Facebook-eko Zu ez zara Altsasukoa… taldea aurkitu nuenetik, erabateko kontaktua dut. Aurretik ere Burundako Ireneri esker informazioa jasotzen nuen, baita Amaia San Roman eta nire ahizpari esker ere. Baina nire ahizpa orain Gasteizen bizi da.

2. Tradizioak jarraitzen dituzu?
Esaten den bezala, neska herritik atera dezakezu, baina herria neskatik ez. Hemen tradizioak mantentzea zaila da, noski. Baina egun garrantzitsuez gogoratzen naiz eta Internetera sartzen naiz ikustera zer egon den. Aurten ezer ez.

3. Urte hauetan itzuli zara herrira?
Oporretan askotan egon naiz. Nire seme-alabak eskolara joaten zirenean eta bi hilabeteko oporrak zituztenean Altsasun pasatzen genituen. Nire gurasoak oraindik Altsasun bizi ziren. Iazko udan ere egon nintzen seme gazteenarekin. Altsasun nire lehengusina Maitetxu Poveda bizi da, eta hara joaten garenean hura bisitatzera joaten gara. Ramon Mendia ere senide da, eta haiekin egoten gara.

4. Altsasu Kanadara eraman duzu, eta ilobendako ipuin bat idatzi duzu. Zeri buruz hitz egiten du?
Haurren ikuspegitik egiten saiatu nintzen. Zaharrenak zazpi urte ditu eta txikiak hiru bete behar ditu, orduan, haien pentsaeratik Altsasuko tradizioak kontatzen ditut: San Pedro, txistua… Oinarria San Pedron erre zen haritza izan zen. Nire seme helduena ilustratzailea da eta berak egin behar ditu ilustrazioak.

5. Zergatik sortu duzu?
Nire ilobak Altsasurekiko lotura izateko. Nire seme-alabei jaio zirenetik transmititu diet Altsasuk duen guztia. Nik uste nik baino maiteago dutela. Nire haurtzaroko istorio asko ere kontatzen dizkiet. San Joan festa, abadiak, lizardien eta txopoen ohitura… Oroitzapenak nahi gabe etortzen dira. Adibidez, Halloween egunean hemen ospatzen dugu, eta nik kontatu nien txikitatik ospatzen dudala Halloween, baina desberdina zela. Erremolatxa txuriak erabiltzen genituen buruhezur itxura zutelako. Auzoko mutilek aurpegia jartzen zieten eta barruan argizuri bat. Hilerriko horman jartzen zituzten eta txikiagoei esaten ziguten arimak ihe segiten ari zirela. Egia esan, bederatzi urterekin San Kruz azotik Intxostia zonaldera joan nintzen, baina ditudan oroitzapen gehienak Santa Kruzen bizitutakoak dira. Toki horretan nagoela sentitzen dut oraindik.

6. Zer esaten dute zure ilobek?
Gustatzen zaie. Orain, esaterako, momotxorroez jakin-mina dute. Gustatzen zaie. Ni kontatzen ari naizenean interesa adierazten dute behintzat. Interesa duten bitartean… nire gauzak kontatzen jarraituko dut.

7. Garrantzitsua da zure ilobek ipuin hori jasotzea?
Niretako garrantzitsua da jakitea nondik gatozen, zeintzuk diren gure sustraiak. Nik ez badiet hori transmititzen, hutsune bat izango dute. Badakite beren amona Espainiako Estatuko toki batetik datorrela, baina gutxi gehiago. Orduan, nondik datozen jakiteko eta bere sustraiak maitatzeko nik transmititu behar diet. Altsasura joaten direnean ez dezatela pentsa leku ezezagun batera joan direla, etxera joan direla senti dezatela baizik.

8. Argitaratzea erraza da?
Denetarik dago. Aukera hoberena bilatzen nabil. Argitaletxe batzuk 2000 kopia egitea eskatzen dizute, eta nik tirada oso txikia egin nahi dut. 20 bat ale senideei banatzeko. Nire helburua ez da liburudendetan edo liburutegietan egotea. Ez dut interes hori. Eskuetan dudanean erakutsiko dut, eta agian norbait interesa du. Baina hemendik liburu bat bidaltzea oso zaila ikusten dut.

9. Idatzi duzun lehenengo ipuina izan da?
Ipuina bai. Baina nik aurretik Argentinako aldizkari batendako idazten nuen. Politikaz eta abar hitz egiten nuen. Orduan, bururatu zitzaidan baina ipuin hau bakarra izan da. Ez nuen inoiz pentsatuko asmatutako ipuin bat sortzea. Gabonetarakoi zatea pentsatu nuen, baina ilustratzailea oso lanpetuta dago eta azkenean atzeratu behar izan dugu. Nahiago dut lasai eta kalitatearekin egitea.

10. Betidanik gustatu izan zaizu idaztea?
Bai. Idaztea gustatzen zait, baina politika arloan aritu naiz gehiago. Aita politikaren jarraitzailea zen, eta asko haserretzen zen politikarekin. Pozoi hori utzi zidan.

11. Sare sozialetan Kanadako bizitza erakustea ere gustatzen zaizu. Desberdintasun handiak ikusten dituzu?
Desberdintasunak izugarriak dira. Bitxikeriak erakustea gustatzen zait. Talde horretan kontatzen dute nolakoa den Altsasuko bizitza, eta ni saiatzen naiz kontatzen nolakoa den hemengo bizitza. Kultura elkartruke bat egiten da. Hasieran lotsa ematen zidan herriari buruzko talde bat zelako, baina ikusi nuenean denetarik hitz egiten zela, Kanadako gauzak igotzera animatu nintzen. Toronton Roncesvalles deitutako etorbide bat dago. Kanadarrek Roncy deitzen diote osorik esatea zaila egiten zailako. Sorauren deitutako kale bat dago ere, gertu. Kaleen historiak kontatzen hasi nintzen. Ni oso kuxkuxeroa naiz, eta historia eta tradizioak ezagutzea gustatzen zait. Orduan, iruditzen zait ni bezalako jendea egon daitekeela. Horregatik hartu-eman hori egotea gustatzen zait.